Bakarrik dagoen emakume baten bizitza, umorez eta nostalgiaz

Guaixe 2015ko mar. 13a, 13:42

Larunbatean, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean

Beatriz Carvajal aktoreak Mari Carmenen papera jokatuko du bihar Altsasun, Antonio Albert eta Juan Luis Iborrak idatzitako A vueltas con la vida komedian. Batere bizimodu erraza izan ez duen emakumea da Mari Carmen. Familia umilekoa eta gizon krudel batekin ezkonduta, bakardadea izan du bidaide, liburuei esker askatasunaren balioa erakusten dioten lau emakumezko heroi deskubritzen dituen arte: Marylin Monroe, Chavela Vargas, Santa Teresa Jesusena eta Kleopatra. Eta ezusteko lagun horiek euren sekreturik barrukoenak kontatuta, Mari Carmenek bere burua maitatzen eta baloratzen ikasiko du.

Igogailurik gabeko bosgarren solairuko pisu batean bizi da protagonista. Auzoko pianistaren musika da bere soinu banda. Bitartean bizitzari bueltak ematen pasatzen du eguna Mari Carmenek: bere oroitzapenak, beldurrak, konplexuak… Emakume jakintsu eta eskuzabal horiekin dituen elkarrizketetan horiek guztiak umorez eta nostalgiaz zipriztinduta agertzen dira. Amaren oroitzapenak ere lagunduko dio bizitako egun ilunak ahazten.