Mundu gerra osteko bakea ospatzera

Guaixe 2015ko abe. 25a, 11:12

Haize Berriak bandak Gerra eta bakea kontzertua eskainiko du larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Atomo-bonbak Hiroshiman eta Nagasakin; Dresdengo bonbardaketa… horiek eta gehiago utzi zituen orain dela 70 urte bukatu zen II. Mundu Gerrak. 8 urte lehenago Durangok eta Gernikak bonbardaketa krudelak jasan zituzten. Mundu Gerraren akaberaren urteurrena gogoratuz, Haize Berriak bandak musika eta irudia uztartzen dituen kontzertua prestatu du. Emanaldian Sakanako musika elkarteak Josu Maroto ilustratzaile, karikatura egile eta hiri bizitza zuzenean marrazkietan jasotzen dituen sortzailearen laguntza izanen du.

Bandatik aurreratu dutenez emanaldian musika eta irudiarekin batera, “poza eta tristura, gerra eta bakea batuko dira. K.A. 1274 urteko Kadesh batailatik II. Mundu Gerrara arte historia gerra-gatazkaz josita dago. Thierry Deleruyelle-k, Jan Hadermann-ek eta Jan Van der Roost-ek gatazka hauei doinua jarri diete, eta musika-lan horiekin gozatzeaz aparte, hunkitu eta ikaratuko gaituzte kontzertuan”.