Bi altsasuar Indar Gorriren kontrako sarekadan atxilotuak

Guaixe 2016ko ots. 1a, 20:32

Bata, herrian atxilotu dute , 10:30 aldera eta, bestea, lanetik herrira bueltan zetorrela, 17:00ak pasata. Biak Guardia Civilak atxilotu ditu.

Aski da. Indar Gorriko kideak askatu. Kriminalizaziorik ez. lelo horiek zituen pankartaren atzean jarrita bulkatu da gaur gauean Altsasun egin den batzarra. 150 bat pertsona elkartu dira 20:00etan eta, biharko, ordu berean jarri dute hitzordua. Atxiloketen zergatiaren, akusazioaren berri ez dago, sumarioa sekretupean dagoelako. Beraz, informazio gutxi dago. Hala ere, sarekadan Guardia Civilak eta Poliziak atxilotutako 18 pertsonak komunikatuta daude. Hau da, abokatu eta senideekin hitz egin dezakete. Jakinarazi dutenez, atxiloketako garaian eta ondoren tratua ona izan da. Espero da atxilotutakoak bihar epailearen aurretik pasatzea.