Azanzaren Euskadi Fundazioa, aurkeztuta

Guaixe 2016ko ots. 11a, 12:37

Taldeak 2016ko egitasmoa Guggenheim Museoan aurkeztu zuen, ostiralean

Ostiralean, otsailaren 5ean Euskadi Fundazioa txirrindularitza taldeak aurkezpena egin zuen Bilboko Guggenheim Museoan. Migel Madariaga manager duen taldearen helburua “txirrindularitza eskola onena izatea” dela, eta helburua “ez da horrenbeste lasterketak irabaztea, txirrindulariak trebatzea baizik, baina ez diogu ezerri uko egiten” gaineratu zuen. Aurreko urtean denboraldi bikaina egin zuen Euskadi Fundazioak, eta bi txirrindularik lortu dute profesionaletara salto egitea, Mikel Iturriak eta Mikel Aristik.

Jorge Azanza altsasuarra eta Gorka Gerrikagoitia izanen dira, atzera ere, taldeko zuzendariak. Beren aginduetara 16 txirrindulari izanen dituzte, afizionatuen mailan lehiatuko direnak; Egoitz Fernandez, Oscar Gonzalez eta Xabier San Sebastian dira nabarmentzen direnak. Euskaldun Torneoa, Lehendakari Txapelketa eta Espainiako Kopa dira helburu nagusienak, eta baita Portugalgo eta Frantziako egutegiko proba jakin batzuk ere. “Gu lasterketa guztiak irabaztera aterako gara. Lehiakorra izan behar da, irabazi hala ez” azaldu zuen Gerrikagoitiak aurkezpenean.

Aurreko urtean 30 lasterketa baino gehiago irabazi zituen Euskadi Fundazioak, tartean Altsasuko festetako Altsasuko 86. Txirrindularitza Proba, Jorge Azanzaren zuzendaritzapean Mikel Iturriak irabazitakoa. Proba horrek erabaki zuen Euskaldun Torneoa, Mikel Iturriarendako izan zena.