Sagrado Corazon ikastetxearendako ingurumen saria

Guaixe 2016ko ots. 11a, 12:53

Sagrado Corazon ikastetxearen patioan ehun urte izanen dituen hagina da. Zuhaitzaren inguruko diziplina arteko proiektua landu dute ikastetxeko DBHko ikasleek, natur zientziak, literatura, matematikak eta teknologia ikasgaiak hartzen zituena. Josne Perez eta Eva Uriz irakasleen koordinaziopean Gure Zuhaitzak lana ondu zuten. Felix Rodriguez de la Fuente fundazioaren lehiaketara aurkeztu zuten eta zuhaitz berezien inguruko Nafarroako saria irabazi du Sagrado Corezon ikastetxeak.

Felix Rodriguez de la Fuente fundazioak sustatutako EnArbolar, bizitzarako zuhaitz handiak proiektuaren barruko sariketa da Altsasuko ikastetxean irabazi dutena. Europako Batasunaren Life+ programaren laguntza du. Bere helburua zuhaitz bereziak eta mendeak dituzten basoak zaintzea eta haien gaineko kontzientzia handitzea da.

Sari gehiago
Sagrado Corazon ikastetxea ikastetxe jasangarrien sareko kide da, EsenRed-ekoa. Jasangarritasunaren nazioarteko gazteen konferentzian, Confint-en, Nafarroa ordezkatuz Bartzelonan izan ziren ikasleak 2014an eta, gero, haietako bat Bruselan joan den urtean. Bestalde, Atresmedia fundazioak eta Santillanak emandako Hezten duten ekimenak saria eskuratu zuen ikastetxeak 2014an. Ingurumen arloan, energia kontsumoa murrizteko eta sortzeko Txirrindulargi proiektua dute. Ikasleak ikastetxera oinez segurtasun osoz joateko ibilbidea egina dute. Bestalde, birziklatutako tresnekin txoko berdeak eta lorategi bertikalak egin dituzte.