Askapenak TTIP ekonomia itunaren kontra egitera deitu du

Guaixe 2016ko mar. 11a, 11:22

NATOri duela 30 urte ezetz esan zitzaion moduan “ekonomiako NATO” den hitzarmenari ere bizkar ematera deitu du.

Larunbatean hiru hamarkada beteko dira NATOri buruzko erreferenduma egin zela. Hego Euskal Herrian ezezkoa nagusitu zen. Efemeridea gogoan Askapena erakunde internazionalistak biharko ekitaldiak antolatu ditu Altsasun. “Gaur inoiz baino gehiago aldarrikatu nahi dugu herrion burujabetza, elkartasun internazionalistaren defentsa sutsua egiteaz aparte. Herri bezala eskubidea dugu munduko herriak errespetuz, berdintasunez eta elkarren arteko osagarritasunez harremantzearen alde egiteko”.

Erakunde internazionalistak “bere garaian herriak ebatzi zuen bezala, egitura politiko-militar horretatik irteteko premia” aldarrikatu du. Eta, aldi berean, Euskal Herriak TTPari EZ kanpainaren baitan eginen diren ekimenetan parte hartzera deitu du; hainbat eragile sozial, sindikal eta alderdik bat egiten duten dinamikaren bidez TTIP (Merkataritza eta Inbertsioetarako Batasun Transatlantikoa, ingelesezko akronimoan) bezalako hitzarmen politiko ekonomikorik ez dadin gure herrian gauzatu.

TTIP
Amerikako Estatu Batuak eta Europa negoziatzen ari diren ekonomia hitzarmena da TTIP. Askapenaren iritziz, NATOren bidezko “ berrindartze politiko-militarrarekin aski ez eta inperialismo yankee-ak, aurrekaririk ez daukan bere hegemoniaren gainbeherak estututa, Europako potentziekin batera, bere proiektu ekonomiko-politiko neoliberala sakontzea erabaki du”.

Askapenatik gaztigatu dutenez, itun horren bitartez “are gehiago murriztu nahi dituzte lan eskubideak, ingurugiroaren babesa eta eskubide sozialak. Gainera, herri burujabetzari geratzen zaion apurra ezabatzeko helburua ere badu, horiek guztiak transnazional handien botere eta etekin gosearendako oztopo diren neurrian”. TTIPri Hilary Clintonek “OTAN ekonomikoa” deitu ziola gogorarazi dute.

Egitaraua
Martxoak 11, ostirala
19:00etan Hitzaldia: TTIP: la OTAN económica. Altsasuko Gure Etxea eraikinean.

Martxoak 12, larunbata
19:30ean Euskal Herriak OTAN-TTIPi ez! Kontzentrazioa, mural margotzea eta auzatea.

NATOri buruzko erreferenduma, 1986ko martxoaren 12an
Herria Errolda Botoak Parte hartzea Baliogabeak Txuriak Abestentzioa Bai Ez
Altsasu 5515 3955 71,71 54 55 28,29 1192 2577
Arakil* 2174 1341 61,68 14 15 38,32 403 842
Arbizu 672 499 74,26 11 12 25,74 50 419
Arruazu 111 65 58,56 3 4 41,44 5 49
Bakaiku 294 207 70,41 1 2 29,59 17 179
Ergoiena 505 351 69,50 2 3 30,50 20 325
Etxarri Aranatz 1732 1224 70,67 11 12 29,33 143 1037
Irañeta 134 76 56,72 0 1 43,28 32 37
Iturmendi 325 239 73,54 9 10 26,46 45 159
Lakuntza 763 557 73,00 4 5 27,00 148 392
Olatzagutia 1514 1076 71,07 5 6 28,93 265 781
Uharte Arakil 686 446 65,01 13 14 34,99 125 282
Urdiain 606 411 67,82 6 7 32,18 61 336
Ziordia 338 257 76,04 5 6 23,96 72 169
Sakana 15369 10704 69,65 138 152 30,35 2578 7584
*Irurtzun Arakilen barruan zegoen