Urbasa, objektibotik

Guaixe 2016ko mar. 11a, 14:07

Larunbatean, 16:30ean, Urbasako Bioitza kanpinean neguan Urbasan egindako argazkien proiekzioa eginen da.

 

Altsasuko Mendigoizaleak bigarrenez Urbasaz gozatuz ekimena antolatu du. Neguan,  argazki makina eta ez galtzeko balio duten mapak, GPSak, iparrorratzak eta bestelakoak lagun, argazkiak egiteko gonbita egin zuen taldeak. Hainbat izan ziren izena eman zutenak baina, azkenik, 10 argazkilari izan dira argazkiak aurkeztu dituztenak. 60 guztira. Ekimena sendotzen ari dela azaldu digute antolatzaileek. Argazki emanaldiaren ondoren auzatea eta parte-hartzaile guztiendako txaloak izanen dira. Hitzordua, neguko argazkilaritzaz, argiaz, Urbasaz eta bestez hitz egiteko aitzakia emanen die biltzen direnei.

Proba ez lehiakor horren helburua neguan Urbasako “paraje zoragarriei” argazkiak egitean oinarritzen zen, “egungo teknologiaz gure inguruaz gozatuz”. Izan ere, 42 50 09 37N—2 08 25 37W) DATUM (WGS 84) puntuan zegoen elementuari argazkia egiteko gonbita luzatu zuten.