Emakume, igandean III. Lilasterketa Altsasun

Guaixe 2016ko mar. 11a, 14:24

Emakumeendako proba ez lehiakorra igandean 11:30ean abiatuko da Foru plazatik

Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren ildora, Altsasuko Udalak, Emakumeen Bilgunearen bitartez, III. Lilasterketa antolatu du, Dantzaleku Sakana klubaren laguntzarekin. Donostiako Lilatoi arrakastatsua Sakanara ekartzeko antolatu zen ekimena, eta aurten hirugarren urtez jarraian antolatuko da.

Lilasterketa igandean izanen da, Altsasuko Foru plazatik abiatuta, 11:30ean. Berdintasunaren aldeko lasterketa hau ez da proba lehiakorra izango. Korrika, oinez… norberak ahal duen moduan egiteko aukera izango du, helburua emakumeen parte hartzea sustatzea delako, 0-99 urte bitarteko emakumeena, emakume guztiena. Probak San Silbestrearen ibilbide bera izango du, 4 km ingurukoa. Bukaeran parte hartzaileendako hamaiketakoa izanen da.

Izena ematea, dohainik
Lehen edizioan 122 emakumek parte hartu zuten proban eta aurreko urtean, aldiz, 89 emakumek. Izena ematea dohainik da, aurretik www.dantzalekusakana.com web orrian edo bestela, egunean bertan, 11:00etatik aurrera Gure Etxean.