Lilasterketa: 90 emakumek “hemen gaude” esan zuten

Guaixe 2016ko mar. 14a, 15:13

Adin guztietako emakume sakandarrek hartu zuten parte emakumeen lasterketa ez lehiakorrean

Adin guztietako 90 emakumek Altsasuko kaleak hartu zituzten igande goizean. Txikienak, silletan eta aulkitxoetan. Helduenak, besotik heldu eta ibiltzen. Gazteenak, korrikan, bizikletan edo patinetan… Kontua III. Lilasterketan parte-hartzea zen. Eguraldiak lagundu egin zuen, eta San Silvestrearen ibilbide berbera egin zuten. Oinezkoek itzuli bat eman zioten zirkuituari (2 km inguru), korrikalariek 2 itzuli (4 km inguru) eta irristalariek eta txirrindulariek 3 itzuli (6 km inguru).

Altsasuko Udaleko Emakume eta Berdintasuna Batzordeak antolatu zuen Lilasterketa, Dantzalaku Sakana klubaren, DYAren eta Virginia Ruiz de Egino medikuaren laguntzarekin. Berdintasunaren aldeko lasterketa hau ez da proba lehiakorra. Emakumeen nazioarteko egunaren barruan antolatzen da, Donostiako Lilatoi ezaguna aintzat hartuta. “Martxoaren 8a gure eskubideak aldarrikatzeko eguna da, eta baita gizartean gure presentzia azaltzeko eguna. Emakumeak gizartearen erdia gara, eta erdia izan behar gara arlo guztietan: enpleguan, politikan, hezkuntzan, festetan eta kiroletan. Hauxe guztia da Lilasterketarekin azaldu nahi duguna” adierazi zuen Altsasuko berdintasun teknikari Idoia Goikoetxeak.

Parte-hartzaile gehienak altsasuarrak ziren, baina urdiaindarrak, olaztiarrak, arbizuarrak, iturmendiarrak, etxarriarrak eta ergoendarrak ere aritu ziren. Gehienek korrikan osatu zuten proba (48), baina oinezkoak 19 izan ziren, txirrindulariak 12 eta irristalariak 7. Eta bi neska txiki silletan joan ziren.

Helburuak
Lilasterketarekin emakumeen parte hartzea erakutsi nahi zen. “Gure lana erakusteko, hemen gaudela esateko, denon artean aurrera joateko indarrak hartzeko, gure ahalduntzearen bidean beste urrats bat emateko… eta hau guztia korrika eginez, oinez, txirrindulaz, patinez… edo lasterketa animatuz” gaineratu zuen Goikoetxeak. Teknikariak gaineratu zuenez, lasterketarekin ere emakumeei kirola egitera animatu nahi zaie. “90 emakume korrikan ikusten edozein kanpaina baino eraginkorragoa da” azaldu zuen. Emakumeak izan ziren protagonista eta hori zen lortu nahi zena. “Behingoz, protagonistak, erabatekoak eta bakarrak, emakumeak izateko. Emakumeek kalea har dezagun, espazio publikoa gurea ere badelako”. Bukaeran hamaiketakoa izan zen plazan.