Aurreneko bileran jende ugari elkartu zen.

Jauzi hori egin nahi dute Altsun Eskuaz taldean biltzen diren altsasuarrak. Jauzi horretan herri guztiaren elkarlana ezinbestekoa ikusten dute. Aldi berean, jauziak euskaldunek Altsasun euren tokia berreskuratzen lagunduko duela sinistuta daude. Aurretik bide luzea dutela badakite eta langintza “haria orratzean hariztatzea bezain zaila” izanen dela ere. Horregatik hartu dute azken irudi hori ikurtzat.

Hitzaldia
Gaur, 19:00etan, Iortia kultur guneko areto nagusian Koldo Zuazok hitzaldia eskainiko du. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta euskalkietan aditua da. Zuazok Urdiainen egonaldi luzea egin zuen bertako euskara ikertzeko 2007an eta 2008an. Sakanako euskara. Burundako hizkera liburua izan zen horren emaitza.

Altsun Eskuaz taldeak altsasuarrak hitzaldira gonbidatu ditu. Euskaratik euskalkirako jauzian “ezinbesteko” jo dute gaurko hitzaldia. Horrekin batera, Altsasuko euskalkiaren inguruko materiala bildu nahi dute; idatzia zein ahozkoa. Esparru guztietan euskalkiaren ikuspena handitzeko neurriak hartu nahi dituzte. Esaterako, Alde Zaharreko festetan festa giroarekin zerikusia zuten hitzez osatutako hiztegitxoa zuten kartelak jarri zituzten. Bestalde, antzeko prozesuak izan dituzten Euskal Herriko beste tokiekin harremanetan jarri nahi dute sare bat osatzeko, baita “bizipenak eta estrategiak” elkar-banatzeko.