Segurtasun klaseari piper eginda

Guaixe 2016ko eka. 16a, 14:42

Guardia Civilaren sail ezberdinetako auto, furgoneta, moto, helikoptero, ontzi eta abar erakusketa modua jarriak. Haien ondoan erakundeko kideak. Guardia Civilak erabiltzen duen bestelako materiala ere ikusgai zegoen kaputxinoen komentuko futbol zelaian eta frontoian. Ikasleei haiek erakutsi eta azalpenak emateko jarduera zen. Ikastetxeei jardueraren berri eman zien Guardia Civilak, gonbidapena luzatzearekin batera. Ez zuen erantzun handirik izan. Haren berri ematera joan zen etxe honetako kazetaria kanporatu egin zuten, “eremu pribatua” zela argudiatuta.

Antolatutakoaren berri azken unean izan zuen Ospa mugimenduak, “egun batetik bestera antolatu dute”.  Atzo bertan mugimenduko kideak ikastetxeetako irteera garaian informazio orriak banatu zizkieten gurasoei, “balora zezaten euren seme-alabak halako tokietara eramatea egokia den hala ez.” Ospatik, bestalde, 15:30erako deialdia egin zuen. Foru plazatik kaputxinoetara joan ziren eta errepresioaren kontrako oihuka iritsi ziren. Sartzerakoan isildu eta barruraino sartu ziren. Baina toki pribatua zela argudiatuta bota egin zituzten, “identifikatu eta grabatu ondoren.”

Kontra
Ospa mugimenduak azaldu dutenez, “pedagogiaren kontrako ekimen hori boikoteatu eta kontra egiteko beharrean ikusi da.” Halako “erakustaldi militarista batean balore hezitzaileak zabaltzea” posible ote den galdetu zuten, baita “Guardia Civilak Sakanan bake eta elkarbizitzarako baloreak transmititzen” ote dituen. Ekimena krisi garaian “gastu ekonomiko neurrigabetzat” jo dute. Ospako kideen iritziz, “ezkutatzen saiatu arren, Sakanan polizia errepresioa bistakoa da eta ez dugu inolaz ere onartuko estatuaren polizia gorputzek ikasleak ikastetxearen atarietan manipula ditzaten.” Ospak “askatasun politiko eta eskubide zibilen defentsan borrokan sutsuki” jarraituko duela gaztigatu du, “Euskal Herriaren desmilitarizazioa lortzeko.”

Altsasuko EH Bilduk, bestalde, “irmoki” salatu zuen ekimena. “EH Bildutik uste dugu balore militaristak ez datozela inondik inora eskolek sustatu behar dituzten bake eta bizikidetza baloreekin. Uste dugu ekimen hau ez dela batere onargarria eta ez duela inongo formazio helbururik. Ze nolako hezkuntza mota da adin txikikoei armak banatzea? Ze balore ari dira sustatzen haur bati eskopeta, borra edo pilota-jaurtitzaile bat emanez?” Altsasuko EH Bilduk Guardia Civilak herrian duen “presentzia itogarri” gogoan antolatutako ekimena “haien irudia garbitzeko” ote zen galdetu zuen. “EHBildutik, antimilistaristak garen heinean, bakea eta bizikidetza bezalako baloreen sustapenean sinisten dugu, herri honetan Guardia Zibilak inolaz ere ordezkatu ezin dituenak”.