Laukote baten Oihartzuna

Guaixe 2016ko eka. 24a, 12:46

Oihartzuna taldeak estreinako kontzertua Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean eman zuen asteartean. Gitarrak aldean zituztela oholtzara igo ziren Leire Nuncio, Izaskun Rojo, Maria Ijurko eta Mª Victoria Alvarez. Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako gitarra ikasleak dira laurak. Eta ikasketa prozesuaren barruan taldeka jo behar dute. Horregatik, ikasturte honetan hiruko bat osatua zuten, eta kantu bat moldatuta ere. Saio haietako batera entzutera sartu zen Leire eta ordutik laukoa dira. Taldeak bultzada hartu zuen eta ordutik kantuak moldatzen ari da gitarra laukotea.

Taldearen izenaz galdetuta, “soinuarekin eta musikarekin zerikusia zuen izen bat nahi genuen. Oihartzuna. Pentsatu genuen horrela mundu guztiak entzun dezakeela.” Orain arte beste talde eta bakarlarien kantuen bertsioak egiten dituzte. Ingelesez eta euskaraz kantatzen dute, popetik rockera bitarteko eremuan. Hala, Adelen, Ken 7ren, Foreingen, Guns and Rosesen, Justin Bieberren eta abarren doinuak daude euren errepertorioan. “Gustatzen zaiguna jotzen dugu.” Haiek euren kantuak sortzeaz galdetuta, iritsiko dela esan dute hiruk eta Leirek jakinarazi die hasi dela.

Prestatutakoa jendaurrean emateko urratsa ere eman dute. “Ongi egon zen, jende gutxi baina etorriko da jende gehiago. Martxan!” Udan, eguraldi oso ona egiten ez duen egunetan musika eskolan elkartuko dira, hala eskaini dietelako. Puri Altzelai irakasleak udazken hasierarako Haritza tabernan beste emanaldi bat lotuko dien esperantzarekin daude.