5. edukiontziaren ezarpena Altsasun

Hondakinen gaikako bilketa handitzeko akordioa sinatuta

Guaixe 2016ko uzt. 6a, 08:47

Gaur egun Altsasuk duen gaikako %26tik bilketatik Sakana atez ateko bilketarekin lortzen den  %78ra hurbiltzea xedea. Helburua: 2017ko abenduaren 31rako altsasuarrek hondakinen %65 gaika biltzea

Javier Ollo Martinez eta Aitor Karasatorre Mugurutzaren sinadurak daramate Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak gaur sinatutako akordioak. Haren bidez Altsasun materia organikoa jasotzeko 5. edukiontzia, marroia, eta auzo-konposta guneak jarriko dira. Sinadura ekitaldiaren ondoren Karasatorrek nabarmendu du gaikako hondakin bilketako emaitza onenak ematen dituen sistema atez atekoa dela baina eskualdeko gainontzeko herrietan bezalaxe, Altsasuko Udalak hartu duen erabakia errespetatzen duela Mank-ek.  Ollok, bestalde, erronkaren handi-nahia aitortzearekin batera, urte baten buruan desiotako datuak jasotzea espero dutela adierazi du.

Bi erakundeen arteko gaikako bilketaren inguruko akordioan jasotzen denez, “egun herriak duen gaikako bilketaren datua ikusita”, 2017ko abenduaren 31an hondakinen %65 gaika biltzeko helburua finkatu da. Era berean, hiri hondakinen bilketaren eta trataeraren entitate arduradun gisa, Mank-ek informazio kanpaina hasiko du hurrengo sei hilabeteetan. Hiru ardatz izanen ditu kanpaina horrek: bilketa selektiboa orokorrean, auzo eta auto konposta, eta edukiontzi marroian bilduko den hondakin organikoa. Azken helburua herritarrak borondatez bilketa selektiboan parte hartzeko izen ematea izanen du, Altsasuren bilketa tasa nabarmen hobetu dadin.

Eginen direnak
Mank-etik jakinarazi dutenez, altsasuar guztiek, lehenik, prozedura azaltzen duen gutun bana jasoko dute etxean. Hedabideen bidez ere guztiaren berri zabalduko da. Aldi berean, parte-hartze bilerak izanen dira. Egun eta ordu ezberdinetan izanen diren lau bilera aurreikusi dituzte, altsasuar guztien ordutegietara egokitu ahal izateko. Bilera horietan sistema berriaren orokortasuna azalduko da, aldaketaren zergatien eta onuren berri emanez. Gainera,  bilerek   altsasuarren  iritziak eta iradokizunak entzun eta jasotzeko balioko dute.

Horrekin guztiarekin batera, Baratzeko bide plazako lokomotoran informazio bulegoa zabalduko da. Administrazioak, bestalde, bilketa guneen esposizio publikoa eginen du. Horretarako, panelak jarriko dira interesguneetan (Informazio bulegoa, udala, kultur etxea...).

Sistema ezarri aurretik bat egiten duten altsasuarrek materiala jasoko dute (pertza, gida, hiztegia eta giltza). Horren ondoren, sistema berria martxan jartzea besterik ez da falta. Altsasuarrek egiten duten hondakinen gaikako bereizketaren jarraipena eginen du Mank-ek jarritako %65eko helburua lortzen den jakiteko. Eta emaitzak azaltzen dituen gutuna ere helaraziko du.

2.260
Etxe horietako hondakinak kudeatzen dira.

Erlazionatuak