Udalak 56 nitxo egingo ditu

Guaixe 2016ko uzt. 28a, 19:06
Nitxoa garbitzen.

50.000 euro (BEZ kanpo) aurrekontua izanen dute lanek.

Altsasuko Udalak hainbat lan eta inbertsio egitea onartu zuen atzo egindako bilkuran. Lehenik eta behin, Altsasuko udal hilerrian 56 nitxo berri egitea onartu zuen Udalak (50.000 euro +BEZ). Udal hilerria kudeatzen duen Cemendena enpresak proposatutako tokian jasoko dira nitxo berriak. Horrekin batera, udalak erabaki zuen Lavadero eraikinean dauden Txantxari ludotekako eta Bake Epaitegiko leihoak berrituko dituela (12:000 euro + BEZ). Diruzaintzako gerakinetik aterako da kopuru hori.

Bestalde, mendian inbertsioak eginen dira. Batetik, baso lanak egiteko proiektuaren erredakzioa emanen da (2.640 euro, BEZ barne). Proiektua eskuetan izan bezain pronto, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzen deialdietara aurkeztuko da. Bestetik, alkatetzaren ebazpen bidez 4.000 euroko kopurua zehaztu da udal baratzeen erabilera arautzeko proposamenaren erredakzioa emateko. Bukatzeko, bideen eta ibaiertzen kontserbazioaren aurrekontuen atalari 7.987,44 euro gehiago bideratuko zaizkio.  

Horretaz aparte, Zelandi kiroldegirako makinaria erosteko 10.000 euro bideratu ditu udalak. Izan ere, 2008an kiroldegia zabaldu zenetik ez dira gimnasioko makinak berritu eta horietako batzuk egoera kaxkarrean daude. Horrela, pixkanaka makineria berritzen hasiko da udala. Bestetik, autokarabanako aparkalekua prestatzeko proiektua idatzi duen enpresari ordainketa egitea erabaki zuen. Udal talde guztiak ados daude autokarabanendako aparkalekua jartzea beharrezkoa dela, baina desadostasunak kokapenarekin dituzte (Dantzalekuko hareazko futbol zelaia eta Zelandi kiroldegi ondoan). Nolanahi ere, proiektuaren erredakzioa egin duen enpresari ordaintzea erabaki zuen Altsasuko Udalak.

Bukatzeko, gizonezkoen eta emakumezkoen II. Berdintasun Plana onartu zuen Altsasuko Udalak.

Haize Berriak bandarekin hitzarmena
Haize Berriak banda 2015eko erakunde soziokulturalen diru-laguntzen deialdirako aurkeztu zen eta espero baino diru gutxiagoa jaso zuen, deialdian izandako akats batengatik. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan kontsulta egin eta gero, arazoa konpontzeko modu bakarra Haize Berriak bandari diru-laguntza nominatiboa ematea da. Horrela, 2016an Haize Berriak bandak 15.377,76 euroko diru-laguntza nominatiboa jasoko du –2014an jaso zuen kopurua eta 2015ean jaso ez zuena gehituz sortutako emaitza– eta ezinen du ohiko diru-laguntzen deialdira aurkeztu.

Bihar plenoa
Udal jardunak ez du etenik izanen eta bihar ezohiko udal bilkura izanen da. Lehenik, aurtengo festen egitarauaren onarpena aztertuko dute hautetsiek. Eta, ondoren, Sociedad Deportiva Alsasuari udalak duela 25 urte San Pedro etxebizitza taldeko 16. zenbakidun etxearen erabilera baimena luzatuko den edo ez aztertuko da. Kirol batzordean gaia aztertu zenean Geroa Bai eta PSN alde agertu ziren eta EH Bildu eta Goazen Altsasu kontra. Batzordeko presidentearen kalitatezko botoarekin iritsi da gaia bilkurara. 10 urteko luzapen proposamena da. EH Bilduk herriko kirol eta kultur talde guztiei zabalik dagoen deialdi berria egiteko eskatu du.

Erlazionatuak