Altsasuk atxilotutako Julen Goikoetxea euren atezainari eskaini zion garaipena

Guaixe 2016ko aza. 21a, 09:54

Argazkia: SDA.

Erregional maila. 9. jardunaldia: Altsasu 3 – Pamplona 2

Julen Goikoetxea euren taldekide eta atezainaren atxiloketa oso gogorra izan da Altsasu erregional taldearendako. Horrela, igandean, Dantzalekun Pamplonaren kontra jokatutako partidara “Zuekin gaude” zioen kamisetarekin atera ziren altsasuarrak, emozioak jota. Aipatzekoa da zaleek “Atxilotuak askatu” zioen pankarta zabaldu zutela Dantzalekun eta bengalak eta guzti izan zirela.

Partidari dagokionez, bi taldeek ongi jokatu zuten, baina, akaso, zertxobait hobeto aritu ziren altsasuarrak. Horrela, 22. minutuan Josebak Altsasu aurreratu zuen. Baina gutxi iraun zuen pozak, Pamplonak bi gol sartu baitzituen bost minutuko tartean, horietako bat Altsasuk bere ate propioan sartutakoa. Baina gorritxoek ez zuten etsi eta bigarren zatian partidari buelta ematea lortu zuten. Patxik bina berdindu zuen eta partida bukatzear zela, garaipenaren gola sartu zuen, atzera ere, Patxik. Horrela, 3 eta 2 irabazita, Julen Goikoetxeari garaipena eskaini ahal izan zioten taldekideek.