Parlamentuan terrorismo delitua arautzen duen artikulua aldatzeko eskaera

Guaixe 2017ko ots. 8a, 16:11
Laura Perez (Ahal Dugu), Adolfo Araiz (EH Bildu), Marisa Simon (I-E) eta Koldo Martinez (Geroa Bai). Argazkia: @Geroa Bai

Nafarroako Gobernuari eusten dion laukoak Zigor Kodeko 573. artikulua “berehala” aldatzeko mozioa aurkeztu du. Artikulu horrekin terrorismo delituagatik auzipetu dituzte Altsasuko 11k.

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak Nafarroako Parlamentuan mozioa erregistratu zuten atzo. Zigor Kodeko zazpigarren kapitulua, zehazki 573. artikulua moldatzeko eskaera Nafarroako legebiltzarrean onartu ondoren, eskaera Madrilera eramanen dute.

Terrorismo kalifikazioa duela bi urte aldatu zuten PPk eta PSOEk. Mozioak hala dio: “Delitu bat egon daiteke terroristatzat hartzen dena, nahiz talde armatu baten babespean ez izan. Herritarren artean beldurra eragiteko eta bake publikoaren aurkako edozein ekimeni leporatzen ahal zaio terrorismo delitua, aldaketa hori txertatu zutenetik”. Oraindik ez dago jurisprudentziarik konstituzionalki ez eta Auzitegi Gorenekoan ere haren mugak zehazten dituena.

Laukoak aldaketa kritikatzean gogora ekarri dute Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko hainbat taldek aldaketa kritikatu dutela, batetik, eskubide zibilak eta askatasun demokratikoak oztopatzen dituelako eta, bestetik, terrorismoa ez diren jarrera eta jokaerak kriminalizatu daitezkeela dio organismo horrek eta adierazpen askatasuna proportzionaltasunik gabe haustea eragiten ahal dutelako.