Obra eta garbitasuneko lanpostuei hizkuntza-eskakizuna kentzeko proposamena Altsasuko Udalean

Guaixe 2017ko ots. 9a, 19:11

Obra eta garbiketa langile guztiei, biri izan ezik, hizkuntza-eskakizuna kentzeko proposamena egin da Altsasuko Udalean. Proposamena bertan behera uzteko eskatu dio Behatokiak Udalari.

Altsasuko alkatearekin otsailaren 2an egindako bileran egin genion eskaera Behatokiaren izenean. Proposamena otsailaren 10ean, ostiralean, eginen den osoko bilkuran aztertuko du Udalak.

Obra eta garbitasuneko brigadetako langileen funtzio eta zereginak herritarrengandik gertu, Altsasuko kaleetan, eskolan eta udal eraikinetan burutuko direla kontuan hartuz; herritarrekin zuzeneko hartu-emana egunerokoa eta oso indartsua izango dutela aintzat hartuz, Altsasuko herritarrek gertuen dituzten udal langileak direla kontuan edukiz, lanpostuotan euskararen ezagutza nahitaezkoa izaten jarraitu behar duela adierazi zion Behatokiak.  

Lanpostuotan euskararen ezagutza nahitaezkoa izan behar duela ez da soilik Behatokiaren ustea baizik eta Altsasuko Udalaren iritzia eta ondorioa. Izan ere, lanpostu guzti hauei nahitaezkotasuna ezarri baitzien aurreko legegintzaldi batean.  Ez denez inolako aldaketarik egon lanpostuen zeregin eta funtzioei dagokienez, ez da ulergarria eta onargarria lehen nahitaezkoa zena orain aukerakoa edo merezimendu kualifikatu gisa jotzea.

Horiek horrela, herritarren hizkuntza-eskubideak eraginkorrak izan daitezen eta urratuak izan ez daitezen, Behatokiak proposamena bertan behera uzteko eskaera egin dio Altsasuko Udalari.

Garbiñe Petriati Ijurra
Hizkuntz Eskubideen Behatokia