Hitzordu berria Madrilgo auzitegian

Guaixe 2017ko ots. 10a, 11:12

Atxiloketetatik hiru hilabete pasa direla gogorarazteko ekimenak iragarri dituzte astelehenerako eta astearterako.

Oraingoan bi adin txikikoak izanen dira Madrilera joan beharko dutenak. Ferietako liskarragatik auzipetutako biek adin txikikoen epaitegian dute hitzordua astelehenean. Haiei eta euren senideei babesa emateko autobusa abiatuko da Altsasutik. Herrian, bestalde, auziari buruzko informazio gunea jarriko da udaletxe parean. Herri-asanbladako kideak 10 orduz ariko dira informazioa ematen, 10:00etatik 20:00etara. Egitekoa despeditzean batzarrera deitu dute, Madrilen gertatutakoaren berri emateko.

Guardia Civilak atxiloketak egin zituela hiru hilabete beteko dira asteartean. Eta ordutik hiru gazte altsasuar Soto del Realgo espetxean preso dituzte. Haiei, eta auzipetu guztiei, elkartasuna adierazteko herri-asanbladak Iortia kultur gune parean 20:00etan elkartzera deitu du. Elkartzen diren guztiak Zumalakarregi plaza, kultur guneko plaza eta Foru plaza artean banatuko dira. Herri-asanbladaren asmoa herri eta etxe guztietako argiak 20:00etatik 20:15era itzaltzea litzateke, “iluntasunean elkartasunaren argia erakusteko”.

Material salmenta
Kintoek Zortzikoa dantzatzen duten bitartean, Gur Etxea eraikinean, poloak, kamixetak, banderolak eta zapiak salgai izanen dira.