Ferietako liskarragatik auzipetutako 11 gazte altsasuarretatik bi adin txikikoak dira. Biek gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko Adingabeen Epaitegi Zentralean izan dira. Fiskaltzaren aurrean deklaratu dute eta, ondoren, psikologoaren aurrean test psikologikoa egin dute. Prebentzio-neurririk gabe aske gelditu dira bi adin txikikoak. Altsasun, iluntzean, polizia-muntaiak salatzeko ehun bat pertsonek ordu erdiko kontzentrazioa egin dute. Han herri-asabladako kideek gaztigatu dute, bi adin txikikoak gainontzeko bederatzi auzipetuen “mehatxu” bera dutela.
Biei, senideei eta gainontzeko auzipetuei babesa azaltzeko makina bat altsasuar autobus batean Madrilera joan dira. Eguneko bideo laburpena egiten ari zen herri-asanbladako kidea Espainiako Polizia Nazionalak identifikatu egin du eta grabatutako guztia borrarazi diote.
Hiru hilabete
Bihar, asteartea, hiru hilabete beteko dira Guardia Civilak Altsasun sarekada egin zuela. Ordutik espetxean dira Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno. Hileko 14 guztietan bezala auzia salatzeko eta presoen askatasuna aldarrikatzeko ekitaldia eginen da Altsasun. Bihar, 20:00etan, Iortia kultur gune pareko zelaian elkartzeko deia egin dute. Han bildutako guztiak herriko plazetan banatuko dira: Iortian bertan, Zumalakarregi plazan eta Foru plazan. 20:15etik 20:30era herriko argiak itzali eginen dituzte eta hiru tokietan dauden pertsonek eskutan dituzten kandelak, linternak edo telefono mugikorrak piztuko dituzte, “iluntasunean elkartasunaren argia” azaltzeko.
Beste data batzuk
Ostiralean, 19:00etan, udaletxe parean asteroko kontzentrazioa.
Domekan, 12:00etan, Dantzalekun 32. Altsasuko krosa.