Nafarroako Parlamentuan gaur egindako bilkuran erabaki da Gorte Nagusietara zuzentzea eta premiatzen ditu “presako izaerarekin ekin diezaioten Zigor Kodeko 573. artikulua eta martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoak ezarritako terrorismo-kalifikazioa aldatzeari”. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk kontrakoa.
Altsasuko bederatzi gazteei terrorismo-delitua egoztea “neurrigabetzat jotzen du eta “zigor arloan normaltasuna berreskuratzeko” egin du eskaera. Erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Parlamentuak honako hau onetsi du: “Erabaki hau Diputatuen Kongresuko eta Senatuko mahaiei helaraztea, bi legebiltzarretako parlamentu-taldeei igor diezaieten”.
Gobernuari eusten dion laukoak sustatu du erabakia. Zioen azalpenean adierazten dutenez, “bada garaia zigor arloan normaltasuna berreskuratzeko, eta eskubide eta askatasunen sistema batean gai horrek behar dituen bermeak eta gutxieneko mailak berrezartzeko, funtsezko ekarpena baita gure gizartean bizikidetza normaltzeko, ia desagerturik dagoen ETA erakunde terroristarekin zerikusia duen guztian”.
Aldi berean, Altsasun joan zen lastailean bi guardia zibilen ustezko erasotzaile gisa identifikatutako bederatzi gazteen aurkako sumarioa dela eta, “neurrigabetzat” jotzen da haiei terrorismo-delitua egoztea, eta martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoaren bitartez Zigor Kodeko 573. artikuluan terrorismoaren tipo penalari egindako aldaketaren “zehaztasun falta” gaitzesten da.
Proposatzaileen esanetan, “terrorismo kontzeptuari ipini zaizkion muga lausoak eta jurisprudentziarik eza” gehitu zaizkio “salbuespenekotzat jo beharreko interpretazio-jardunen eta lege-aldaketen” zurrunbiloari. Hori, duela bost urte baino gehiagotik ETAren jarduera etenda dagoelarik, bereziki anakronikoa iruditzen zaie.
Azkenik, “ikertuei egozten zaien jokaeraren larritasuna eta edozein erasoren biktimari zor zaion elkartasuna gutxiesteko asmorik gabe”, gogora ekartzen da “mundu juridikoan iritzi aditu askok okerra iritzi diotela egoera arrunt batean zigor-zuzenbideko zehapen arrunta besterik ekarriko ez luketen egitateen tipifikazioari”, eta Gobernua babesten duten lau indarrek konpromisoa hartu zutela “zigor- eta espetxe-arloetako salbuespenezko neurriak amaitzeko ekimenak bultzatzeko”.