Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Laugarren Aretoak (Angela Murillo, Carmen Paloma Gonzalez eta Juan Francisco Martel) ferietako liskarragatik auzipetutako hiruri terrorismo delitua berretsi die. Gainontzeko lauen helegiteak aztertzea falta da. Laugarren Aretoak emandako bi autotan dioenez, gertatutakoa terrorismo delitua izan daiteke Altsasun guardia zibilen kontra dagoen “presio eta zirikatze giroagatik". Hori dela eta, gertatutakoa ikertzeko eskumena Iruñeko epaitegiarena baino Auzitegi Nazionalarena dela ebatzi du, auzipetuen eskaria baztertuz.
Lau epaileek Oihan Arnanz, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob terrorismo delituagatik auziperatzea berretsi dute; aurrena azaroaren 14az geroztik kartzelan dago eta beste biak, berriz, abenduaren 20tik aske daude. Gainontzeko lauen helegiteak noiz aztertuko diren ez dago zehaztuta. Guztiak ere lastailaren 15eko goizaldean bi guardia civil eta haien bikoteak erasotzeaz akusatuak daude.
Iruñean protesta
Atxiloketak izan zirenetik ostiralero, 19:00etan, Altsasuko udaletxe aurreko aldean Altsasuarrak aske, polizia muntairik ez leloa duen kontzentrazioa egiten da. Ostiralean 100 egun eginen dira auzipetutako hiru gazte preso egin dituztela. Horregatik, salaketa kontzentrazioa Altsasun egin beharrean Iruñeko Sarasate pasealekuan eginen dute, betiko ordu berean.