Altsasuko EH Bilduko udal taldeak “irmoki” ezeztatu du aurrekontuen negoziaziotik “gure borondatez atera garela”. Altsasuko aurrekontuen kontra botoa emateko “hainbat arrazoi eta aurrekari” azaldu dituzte. Plantilla organikoari dagokionez, “Altsasuko herritarrei hizkuntz eskubideak urratzeko erabakia oso larria dela deritzogu”. Koalizioak gogorarazi du plantilla organikoaren azken aldaketa aurreko legegintzaldian EH Bildu eta Geroa Bairen arteko akordio batean oinarritu zela. “Aurrekontuak lantzeko lehenengo bilera izan genuenean, jakin genuen gaiaren inguruko erabakia jada hartuta zegoela. Ez dakiguna da aldebakarreko erabakia izan zen edo aurretik beste taldeekin hitz eginda zegoen”.
“Erabaki larria” mahai gainean egonda ere, EH Bilduk “Altsasuko herriari aurrekontu egoki batzuk eskaintzeko lan egin” duela gaztigatu du. Horren adibide eurak buru diren Berdintasun, Oinarrizko Gizarte Zerbitzu eta Euskara batzordeetako lana jarri zuten: “alkatetzaren taldetik aurrekontu hauen zutabeetako bi zerbitzu sozialak eta ongizate soziala direla esan da. Batzordeko lehendakaritza EH Bilduk du. Batzordeetako lehendakaritza da, bertako langileen laguntza eta babesarekin, aurrekontuetarako partidak egin eta proposatzen dituena. Beraz, aurrekontuen zutabeetako batean EH Bilduren lana egon da eta egoten jarraituko du, herriarendako baikaude lanean”. Buru diren beste bi batzordeetan ere berdin jokatu zutela azaldu zuten EH Bilduko udal taldekoek.
Koaliziotik azaldu dutenez, “aurrekontuei emaniko ezetza aurrekontuetako partida zehatzetan ere oinarritzen da. Lehendakaritza dugun arloetako batean, Euskaran, alkatetzatik gure hizkuntzaren normalizazio eta transmisiorako partidak ezabatzea erabaki da, urtean zehar egiten dugun lana izugarri zailduz”. Gaineratu dutenez, “aurreko urtean EH Bilduk proposaturiko zenbait partidatan eman diren murrizketekin eta egun batetik besterako partida historiko batzuen desagerpenarekin ez gaude ados”. EH Bildu joan den urteko kritika errepikatu du: “urtean zehar aurrekontuekin egin den gestio pertsonalista eta ilunarekin ere ez gaude ados”.
EH Bilduko kideek esan dutenez, “ezin zaigu alde batera utzi, eta azkeneko momentuan ia aldaketarik onartzen ez duten aurrekontu batzuetarako gure babesa eskatu, gaizki ulerturiko “batasun” baten izenean”. Bost emendakin aurkeztu zituztela gogorarazi zuten. Egunerokoan elkarlana behar dela gaztigatu zuten. Bestetik, udal langileek egindako lana eskertu zuten, “haien ekarpen eta proposamenei esker egiten baita aurrekontuaren zati handi bat”. Lan horren “adibide oso on” gisa “gaur egun Atabo enpresak duen egoera da. Duela aste batzuk alkatetzatik ozen zabaldu zen enpresa honek lehendabiziko aldiz superabita izanen zuela. Baina Ataboren finantzen hobekuntza hau benetan udaleko teknikariek proposaturiko forma juridikoaren aldaketa bati esker eman da”. Aurretik emandako argudioek eta alkatetzako taldearen “erdi egiekin lan egin eta komunikatzeko erak” oinarritu zuten EH Bilduren ezetza.