Espetxeratzeen 100. egunean protesta Iruñean

Guaixe 2017ko ots. 24a, 09:28

Gaur, 19:00etan, Iruñeko Sarasate pasealekuan eginen da kontzentrazioa.

Ferietako liskarragatik preso dauden Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Aldak eta Oihan Arnazek kartzelan 100 urte eginen dituzte gaur. Hori salatzeko, haien etxeratzea eta auzipetu guztien askatasuna aldarrikatzeko herri-asanbladak ostiralero udaletxean egiten duen kontzentrazioa Iruñera aldatu du gaur. Kontzentrazioaren deitzaileek azaldu dutenez, “100 egun bahiturik; 100 egun beraien etxetik urrun, beraien lagun, senideen eta herritarren besarkadetatik urrun, 100 egun errepresioaren aurpegi latzena bizitzen, 100 egun aske izanen diren egunarekin amesten”. Herri-asanbladatik berretsi dute lastailaren 15ean “hasi zela muntai polizial, juridiko, politiko eta mediatiko hau, non Altsasuko 12 gazte kriminalizatu eta terroristatzat hartuak izan diren”.

Herri-asanbladako kideek gaztigatu dutenez, “tamalez ez da lehen aldia horrelako astakeriak gurean gertatzen direla eta begiak ixtean beste hainbat muntaiaren biktimak izan diren lagunak datozkigu burura: Bittor, Galder, Lander, Iñaki eta Gorka, Edurne, Hodei, Tolosako eta Burlatako lagunak, Alfon eta beste hainbat”. Horregatik, gaur Iruñean salatuko dute Altsasuko kasua ez dela “kasu isolatu bat, hamarkadetan errepresio- sistema honek polizia-muntaiak baliatu ditu herri eta pertsona borrokalariak bahitzeko”.