Altsasuko Udalak aurtengo aurrekontua eta plantilla organikoa otsailaren 10ean onartu zituen. Haiek “hobetzeko asmoz” EH Bilduk biei alegazioak aurkeztu dizkie. Koaliziotik azaldu dutenez, plantilla organikoa onartzean ez omen da 2003/29 Foru Dekretuko 18.1 artikulua betetzen, “ez baita egindako aldaketa justifikatzen duen arrazoirik aurkezten”. EH Bildutik gogorarazi dutenez, 2012an, euskararen ezagutza berariazko betekizuntzat sartu zenean, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko txosten batek behar hori justifikatu zuen.
EH Bildutik azaldu dutenez, “oraingoan ez da beharretan edo postu hauen eginkizunetan aldaketaren bat adierazten duen eta hizkuntza irizpideen aldaketa aholkatzen duen txostenik egin”. Aldaketak “irizpide teknikorik” ez duela eta “inolako motibaziorik” ez duela gaineratu du koalizioak. Gaineratuz, idazkariak egindako txostenak ez duela ondoriorik. “Horrek zuzenbidearen araberako erabakiak hartzea zailtzen du eta ziurtasun juridikorik eza eragiten du”.
Udalak hartutako erabakiak Vascuenceren Legea eta Altsasuko euskararen ordenantza urratzen dituela salatu du koalizioak: “altsasuarrek eta plantillako beste langileek lanpostu hauek betetzen dituzten langileekin euskaraz aritzeko duten eskubidea ez baitu bermatzen”. Euskara ez dakiten altsasuarrek administrazioan lan egiteko helburua lortzeko “gutxienez, eskatzen den euskara maila minimoa lortu ahal izateko laguntzak eta baliabideak eskaintzea da. Hizkuntzak ezagutzea lan bilaketarako ezinbesteko tresna da gaur egun eta administrazioak hori lagundu eta bultzatu behar du”. Horregatik, alegazio bidez, aurrekontuan euskara ikasi nahi dutenei laguntzeko diru-saila sortzea eskatu du, Mank-ena osatuko lukeena.