guaixe.eus

"Altsasuko Auzia" familion gogoetak

  Iritzia  Altsasu

kolaboratzaileak

‘Altsasuko Auzian’ auziperatuak izan diren gazteen familiak barru-barruan sentitzen ari garena jendarte guztiarekin partekatu nahi dugu.

Gertakariaz geroztik 140 egun pasa dira: Eguberriak ospatu ditugu; kinta eta kintoekin Santa Agedaz disfrutatu dugu; eta, gure herriko inauteri alaiak ere pasatu berri dira; baina ospakizun horietan guztietan espetxean dauden gure semeen hutsunea izan dugu.  

Naturaren zikloa aurrera doa eta udaberria ate joka dabil. Iluntasunari, hotzari eta lozorroari argitasuna, argia eta mugimendua ari zaizkie lekua hartzen. Udaberria gertu sentitzeak animua goratzen digu, eta normalena izaten da gizakiongan bizipoza piztea. Gure sentsazioak, ordea, bestelakoak dira, mugatuak sentitzen gara bizitzea tokatu zaigun zigorrarengatik.

Zigor-mendeku hori jartzea erabaki dute gure herriarekin zerikusirik ez dutenek, hainbat interes direla medio, gure egunerokoa ezagutzen ez dutenek aginduta. Jazotako gertakariak manipulatu dituzte eta, horren ondorioz, abian zegoen ohiko inbestigazioa bestelakoa da orain: ezohikoa eta oso larria.  

Manipulatuak sentitzen gara, babesgabe eta minduta. Haserre, orkezkatzen gaituzten abokatuek aurkeztutako helegiteei behin eta berriro ezetza ari ematen diegutelako ematen; eta, diskriminazio juridikoa pairatzen ari garelako, pertsona boteredunen aldeko jarrera ikusi besterik ez dago.

Baina, ez dugu etsiko. Ozen-ozen esaten jarraitzen dugu Altsasukoa ez dela terrorismoa, beste helburu batzuetarako erabiltzen ari diren kasua baizik. Oihan, Jokin eta Adur gure herrian egon beharko lirateke, beren lagun eta familiekin eta ez espetxe urrun batean, zigor berezi batekin, eta haien bizitza guztiz baldintzaturik.  

Erasotuak izan zirenei buruz ezer esaten ez dugula dioetenei esan nahi diegu, lehenengo momentutik deitoratu genuela gertakari batzuen ondorioz jazotakoa, oraindik epaiketa batean argitzeke dagoena.
Argi izan dezagun, ordea, egindako manipulazioaren ondorioz beste eszenatoki batean gaudela orain, eta sen oneko iritziak entzuteko zain gaudela, gure egoera latza bideratzen ahalbideratuko luketen iritziak entzuteko gogoz.

Era berean, talde politikoengana ere zuzentzen gara eskari bat eginez, ausardiaz aritu daitezela, eta ez dezatela euren ahulezia ezkutatu Estatuaren botere-bereizketari errespetua izatearen aitzakian.
Jasotzen ari garen babesa, elkartasuna eta laguntza indartzen dizkigute ideia hauek. Hala ere, jakitun gara gurea ez dela kasu bakarra, hori dela eta, gure duintasunetik gure maitasuna bueltatzen dizuegu.

Besarkada bero bat eta ia udaberri honetan loratzen ikusten dugun elkartasunaren lorategian JUSTIZIA deritzon lore eder bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak