Emakumeen Nazioarteko Egunean antolatutako ekitaldien barruan, IV. Lilasterketa jokatu zen igandean Altsasun, Altsasuko Udaleko Emakumeen Bilguneak Dantzaleku Sakana klubaren laguntzarekin antolatutako emakumeen proba.
Eguerdian abiatu ziren emakumeak plazatik. Euria ari zuen, eta eguraldi kaxkarra, baina ez ziren kikildu. Batzuk korrikan; patinekin besteak; haurrak aulkitxoetan eramaten batzuk; paseoa emateko asmoz besteak; eta proba bizikletan osatzeko asmoarekin azkenak. Izan ere, parte-hartzea zen kontua, proba ez lehiakorra baita, helburua emakumeen parte-hartzea sustatzea delako.
Oinezkoek itzuli bat eman zioten zirkuituari (2 km inguru), korrikalariek bi itzuli (4 km inguru) eta irristalariek eta txirrindulariek 3 itzuli (6 km inguru). 77 emakumek hartu zuten parte ekimenean. Bukaeran, parte-hartzaileendako auzatea izan zen.
Dantzaleku Sakanari omenaldia
Altsasuko Udaleko Emakumeen Bilguneak, probako antolatzaileak, Dantzaleku Sakana klubari errekonozimendua egin zion, atletismoan emakumearen parte-hartzea bulkatzeagatik. Oroigarri bat eman zioten klubeko ordezkariei, hauek biziki eskertu zutena. Dantzaleku Sakanatik nabarmendu zutenez, atletismoan emakumearen presentzia geroz eta handiagoa izan dadin lanean jarraituko dute.