Zarata, laugarren preso-hilabetea salatzeko

Guaixe 2017ko mar. 14a, 20:13
Manifestazio zaratatsua hasi aurretik eltze-jotzea egin dute plazan.

Tamaina guztietako lapikoak, karrakak, zartaiak, maskoten jan ontziak, azpilak, kazoak… denek balio izan dute zarata ateratzeko. Altsasukoak aske. Polizia muntaiarik ez! lelopean 600 bat pertsonak zarata eginez Altsasu zeharkatu dute. Ferietako liskarragatik gaur lau hilabete egin dituzte kartzelan Jokinek, Adurrek eta Oihanek; Soto del Realen, Altsasutik 400 km-tara urrunduta.



Herri-asanbladatik azaldu dutenez, hiru altsasuarrak “kartzela erakunde-mendekuaren adierazpen goren gisa bizitzen” ari dira, “bai haiek bai euren ingurua ere, ereduzko zigorra jasoko duten paga-buruak sortuz”. Hiru espetxeratuak FIES 3 (Fichero de Internos de Especial Seguimiento) gisa sailkatuak daudela gogorarazi dute; “terrorismo eta erakunde armatuko kide kasuetan aplikatzen dena”.

Horren ondorioz hiru altsasuar espetxeratuengan Espetxe Erakundeak “kontrol zorrotza” ezarri duela azaldu dutenez, “haien komunikazioak interbenituta daude (eskutitza guztiak fotokopiatuta, telefono elkarrizketak grabatuak, mintza-tokikoak…) haien oinarrizko intimitatea hautsiz”. Salatu dutenez,  “bidean galdu eta inoiz iritsi ez diren eskutitzak” daude. Baita, “izapide akatsak direla eta baimendu gabeko deiak, bisean bisetara sartzean bai familiei baita haiei beraiei egindako miaketak, denbora bukatu aurretik eta abisatu gabe mintza-tokitik eginiko mozketak…” Aldian behin espetxe barruan moduluz aldatzen dituzte, atzo bigarrenez. Adurren kasuan amaren bisita hiru hilabetetan ezinen du jaso eta orain arte bisitatu duen bikotekideak ere ez, adin txikikoa omen delako.



Gaurko manifestazioaren hasieran azaldu dutenez, espetxe erakundearen jokabide horrek “horrek guztiak haien “pertsona, kemena eta duintasuna hondatzea” du helburu. Epaiketaren zain dauden beste auzipetuak ere gogoan izan dituzte: “presiopean eta kartzelaren mehatxu etengabean bizi dira, erdizkako askatasunean, haien bizitzak etengabe oztopatzen dituzten baldintzekin”.