Sindikatu abertzaleak jakinarazi duenez, Altsasuko udalak lanen lantaldeko lanpostuetako hizkuntza eskakizunen aldaketari helegitea aurkeztu dio. LABeko kideen iritziz, “hizkuntz eskakizunak murrizteko hartu den erabakiak altsasuarren hizkuntz eskubideen aurkako erasoa da. Ondorioz, ezin izanen da bermatu udaleko langileek herritarrekin euskaraz komunikatu ahal izatea”. Sindikatukoen ustez, “erabakiak diskriminazioa dakar hizkuntz gaitasuna kreditatu duten beste langileekiko”. Aldi berean, LABetik gaztigatu dutenez, “plantillan egin nahi den aldaketa horrek obra eta garbiketa taldeari eragiten dio; baina talde hori, gaurkoz, ez dago definitua plantilla organikoan eta, beraz, definizio falta dago egin nahi den aldaketan”.
LABekoek uste dute Altsasuko Udalak hizkuntza irizpide horiek aldatzean herriko euskararen ordenantzaren kontra egiten duela: “euskarak pairatu duen jazarpena onartzen du, euskarari lehentasunezko tratamendua emanez”. Sindikatuko kideen iritziz, “Geroa Baik, PSNren babesarekin eta Goazen Altsasukoen isiltasunarekin, euskararen eta hizkuntz eskubideen aurkako erabaki bat hartu du, langileok euskaraz lan egiteko dugun eskubideen aurka eta Altsasuarrek zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko duten eskubidearen aurka”. LABekin batera, EH Bilduk, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta EHEk aurkeztu dizkiote alegazioak udalaren erabakiari.