Ta Lauén jendaurrera

Guaixe 2017ko mar. 17a, 14:23

Irlandako musika eskainiko dute larunbatean, 19:00etan, Altsasuko Haritza tabernan.

Laukote sakandarraren aurreneko emanaldia izanen da biharkoa. Javier Unamuno (klarinete baxua),  Olatz Garde (biolontxeloa), Andoni Otamendi (saxofoia) eta Leire Palacios (klarinetea) dira Ta Lauén; aurretik beste kideren bat izan da. Gaur Irlandako patroiaren eguna dela eta, Patrizio deuna, irlako musikaz osatutako errepertorioa prestatu dute propio, hango tabernetako musika emanaldi informalen errekreazioa izanen dena.

Taldeak urte eta erdiko ibilbidea du. Lau musikariak Haize Berriak bandako kideak dira eta han ezagutu zuten elkar. Tresna desberdinekin bestelako musikak jo zitezkeela sinistuta Ta Lauén laukoteak bere errepertorioan musika klasikoa, euskal folklorea edota Irlandako musika ditu. Ganbera musika joz emanaldiak egin dituzte aurretik, baina jendaurreko aurreneko kontzertua dute irlarndar musikarekin. Palaciosek azaldu digunez, euren asmoa “musikarekiko pasioa transmititzea da eta gozaraztea”.