Bihar Altsasuko duatloia jokoan, Nafarroako sprint txapelketa

Guaixe 2017ko mar. 17a, 14:31

VII. Altsasu Duatloia jokatuko da bihar, larunbatean. Goizeko 10:30ean Nafar Kirol Jolasen Duatloi probaren txanda izango da, eta 15:45ean nagusien proba jokatuko da. Altsasukoa, aldi berean, Nafarroako Sprint Duatroi Txapelketa izango da

Aurten bai. Bihar, martxoaren 18an, larunbatarekin, Sakana Triatloi Taldeak hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin antolatutako VII. Altsasuko Duatloia jokatuko da. Izan ere, aurreko urtean otsailaren 27an jokatzekoa zen duatloia, baina, elurrarengatik, ezin izan zen burutu. Aldiz, biharko eguraldi polita iragarri dute eta Sakana Triatloi Taldeak dena prest du proba zoragarri hau burutu ahal izateko.

Goizean, 10:30ean, kategoria txikikoak ariko dira lehian, Nafar Kirol Jokoetarako (NKJ) baliagarria den proban, eta arratsaldean, 15:45ean, proba nagusia jokatuko da –15:45ean emakumezkoak eta 16:00etan gizonezkoak. VII. Altsasuko Duatloia, aldi berean, Nafarroako Sprint Duatloi Txapelketa izango da eta Euskal Herriko Zirkuiturako baliagarria izango da.

Goizean txikienak, Txiokan
Kategoria txikikoak Txioka haur ikastolaren inguruetan prestatutako zirkuituan lehiatuko dira, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria izango den proban. Aurrebenjaminak 10:30ean hasiko dira (250m-1 km-125 m), benjaminak 10:50ean (500 m-2 km-250 m), kimuak 11:30ean (1 km-4 km-500 m) eta haurrak 12:00etan (2 km-8km-1 km). Juniorrek eta kadeteek helduen proban parte hartuko dute.



Arratsaldean helduak: 5 km-22 km-2,5 km

VII. Altsasuko Duatloia arratsaldeko 15:45ean abiatuko da Foruen Plazatik. 15:45ean emakumeak abiatuko dira eta 16:00etan gizonezkoak.
Duatletek ohiko ibilbideari egingo diote aurre. Altsasuko herri gunean prestatutako 2,5 km-ko zirkuituari bi bira eman beharko dizkiote korrika, segidan Iortia Kultur Gunearen aurrean dauden boxetan, trantsizio gunean, bizikleta hartu eta 22 km-ko distantzia osatzeko. Hasieran, duatletek Olaztiraino joko dute, Urbasako portua igotzen hasi, eta Altamirako bidegurutzean beherako bidea hartuko dute, Altamira jaitsiz. Altsasu zeharkatuta NA-1000 errepidean aurrera egingo dute, Zegama Ortzaurteko bidegurutzeraino. Bertan buelta osoa hartuko dute, Altsasuko boxetara joan arte. Bukatzeko, bizikleta utzi eta 2,5 km-ko zirkuituari bira bat eman beharko diote korrika, Foruen plazako helmugara iristeko.

Parte hartze polita espero da
Aurreko urtean elurrarengatik proba ezin izan zen burutu ahal izan, eta duela bi urte, eguraldi oso desatseginarekin, guztira 109 duatleta aritu ziren proba nagusian eta Raul Amatriain eta Ana Casares izan ziren azkarrenak. Atzo Guaixeko erredakzioa ixterakoan Nafar Kirol Jolasetan 111 duatleta eta helduen proban 140 duatleta zeuden izena emanda. Eguraldia lagun, parte-hartze polita espero da eta proba gertutik ikustera joateko gonbitea egin du Sakana Triatloi Taldeak.

Sariak

Lehen gizonezko eta emakumezkoak produktu loteak eta garaikurra jasoko dute eta bigarrenek eta hirugarrenek trofeoak. Lehen kadeteek, lehen juniorrek, lehen 23 urtez azpikoek, lehen beteranoek eta lehen sakandarrek trofeoa jasoko dute eta talde onenak ere oroigarria jasoko du.



www.navarratriatlon.com
Izena ematea eta probaren informazio guztia. Informazio gehiago www.sakanatri.com web gunean.