Altsasu herri kirolarien topagune

Guaixe 2017ko mar. 17a, 12:33

XXX. Nafarroako Kirol Jokoen 3. Jardunaldia jokatuko da igandean, 11:00etan, Altsasuko plazan

Ororbia eta Beteluko jardunaldien ostean, Altsasuri dagokio XXX. Nafarroako Kirol Jokoen 3. jardunaldia hartzea. Nafarroako txapelketan lehiatzen ari diren taldeetako herri kirolariek igandean, goizeko 11:00etan dute hitzordua, Altsasuko plazan.

Kimuen mailako proba konbinatua, haur mailako proba konbinatua, kadete mailako proba konbinatua eta, azkenik, haur eta kadete mailako sokatira probak jokatuko dira. Jakina denez, Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik sortutako 15 talde ari dira bertan lehiatzen, Berriozar, Baztan, Araitz-Betelu, Igantzi, Ultzama, Betelu, Ibero eta Antsoaingo taldeekin batera.

Beteluk utzi zuena
Aurreko astean, Betelun, kimuen proba konbinatuan Andra Mari 2 izan zen azkarrena (6:53), Iñigo Aritza 2 (6:58), Andra Mari 4 (7:03) eta Andra Mari 7 (7:07) taldeen aurretik. Andra Mari 1 seigarrena sailkatu zen (7:10),  Andra Mari 3 zortzigarrena (7:15), Andra Mari 5 bederatzigarrena (7:16), Andra Mari 6 hamahirugarrena (7:33), Iñigo Aritza 3 hamabosgarrena (7:34) eta Iñigo Aritza 1 hemezortzigarrena (7:46).
Haur mailako proba konbinatuan Araxes gailendu zitzaien (8:56), Andra Mari 3 (9:03) eta Andra Mari 2 (9:17) taldeei. Iñigo Aritza bosgarrena izan zen (9:38) eta Andra Mari 1 hamargarrena (10:42). Eta kadete mailako proba konbinatuan Basaburuak irabazi zuen (10:03). Andra Mari 1 hirugarrena izan zen (11:11).

Sokatira, aldiz, haur mailan (480 kilo) A multzoan Basaburua izan zen finena (5 puntu), Andra Mariren aurretik (4 puntu). B multzoan Iñigo Aritza (5 puntu) gailendu zen, Andra Mari 2 bigarrena izan zen (4 puntu) eta Andra Mari 1 hirugarrena (3 puntu). Bukatzeko, kadete mailan (540 kilo) Basaburua (3 puntu) ibili zen hobekien, Andra Mari 1 taldearen aurretik (2 puntu).