Txantxari udal ludoteka Aste Santuari begira jarri da dagoeneko. Ikasleek oporrak hartu eta lana eta familia bizitza bateragarri egitea zail egiten da etxe batzuetan. Horregatik, udal zerbitzuak Aisiaz blai programa prestatu du Aste Santurako, apirilaren 18, 19, 20 eta 21erako hain zuzen ere. Klaserik ez dagoen egun horietan Labadero eraikinean dagoen Txantxari ludotekak ateak zabalduko ditu 3 eta 12 urte artekoendako (2005 eta 2014 artean jaiotakoak). Goizez izanen da eta bi ordutegi eskaini ditu: 8:30etik 13:30era edo 11:00etatik 13:30era. Lehen ordutegia beteko ez balitz bigarrena sortuko litzateke. Ludotekatik jakinarazi dutenez, plazak mugatuak dira.
Hobariak
Matrikulan pagatu beharrekoa familien diru sarreren araberakoa izanen da. Udalak lau errenta tarte zehaztu ditu, baita hobariak ere. Martxoaren 28an jakinaraziko du udalak zein eskaera onartu dituen. Onartutakoren batek hobaria eskatu nahi badu, errenta aitorpena aurkeztu beharko du ludotekan edo udaleko bulegoetan, martxoaren 28tik apirilaren 4ra.