Sindikatuen babesaz, gurasoek auzia Nafarroara bueltatzea eskatu dute

Guaixe 2017ko mar. 22a, 19:30

Euren seme-alaben auzia Madrilen edo Iruñean epaituko den Justizia Jauregiaren parean kontzentratu dira ferietako liskarreko auzipetuen gurasoak. Bigarren aldia 15 egunetan Iruñeko epaitegiaren aurrean #Altsasu, ez da terrorismoa pankarta zabaltzen dutena. Gaurkoan Altsasukoen gurasoek hainbat sindikaturen babesa jaso dute. Guztiek ere adierazi dute instrukzioa ez zela inoiz Nafarroatik atera behar. Gurasoek gaineratu dutenez, “gure seme-alaben eskubidea den epaile naturalak instruitu beharko lukeela pentsatzen dugu”.

Gurasoek errepikatu dutenez, “goizalde hartan benetan gertatu zena ikertzea nahi dugu, eta gertakariak egiaz argitzea nahi dugu. Beti penatu ditugun gertakariak dira, baina, gure ustez, terrorismotzat jotzea krudela da, logika eta justizia gabekoa”. Gaurkoan sindikalistek eta Madrilen hautetsi direnek emandako babesa eskertu dute gurasoek. “Honek guztiak erakusten digu ez gaudela bakarrik, izan ere, haietaz aparte, hiritarren gehiengo handi eta zabal bat gure alde azaldu da behin baino gehiagotan eta gure eskaria indartuz”.