Altsasuko Mendigoizaleak taldeak, hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin X. Hiru Mendi Zerrak mendi ibilbidea antolatu du apirilaren 1erako. Ohikoa denez, bi ibilbideren artean hautatu ahal izango dute mendizaleek: Hiru Mendi Zerrak, ohiko ibilbidea (48 km, 2.700 m desnibela) edo ibilbide laburra (26 km, 1.200 m desnibela).
Hiru Mendi Zerrak mendi ibilbidea apirilaren 1ean burutuko da, goizeko 7:00etan Altsasuko Gure Etxeatik abiatuta. Proba ez lehiakorra da eta Urbasa-Andia, Altzania eta Aralar mendizerretatik pasatzen da, paraje zoragarrietatik barna.
Ibilbidean ondoko kontrol eta hornidura guneak egongo dira: Gure Etxea (irteera), Urbasa, Ziordia, Sorozarreta, Sarabe eta Gure Etxea (helmuga).
Hiru Mendi Zerrak Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien I. Txapelketarako baliagarria da eta Euskal Herriko Ibilbide Luzeen Zirkutuan sartuta dago.
Izena ematea zabalik
Mendi ibilbide eder honetan parte hartzeko izena ematea zabalik dago martxoaren 27ra arte. Horretarako www.zirkuitua.com edo www.mendizmendi.com web guneetara sartu behar da (13 euro). Ordainketa egiterakoan partaidearen izena eta abizena aipatzea beharrezkoa dela nabarmendu du antolakuntzak.