Sexgunea, sexualitateari buruzko udal zerbitzu berria

Guaixe 2017ko mar. 24a, 09:15

12 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Martxotik hasita, hileko azken ostiraletan emanen du zerbitzua Intxpostiapunta gazte gunean; 17:30etik 19:00etara 30 urte arteko gazteendako eta, 19:00etatik 20:30era,12 urtetik gorako nerabeendako.

Altsasuko Udalaren Gazteria Sailak Sexgunea zerbitzu berria mustuko du heldu den ostiralean, hilak 31. Sexguneak sexualitateari buruzko aholkuak eta prestakuntza ematen dizkie 12 eta 30 urte bitarteko gazteei. Blanki Torres gazteria teknikariak azaldu digunez, gazteen eskaera bati erantzunez sortu da zerbitzu berria. Torresek azaldu duenez, Sexguneak “zerbitzu aktiboa eta parte-hartzailea izatea nahi du, Altsasuko gazteen eskaerei eta sexu-errealitate berriei erantzuna emanen diena, beste zerbitzu batzuek ematen dituzten prestazioen osagarri. Era berean, Udalarendako oso garrantzitsua da bertan euskararen erabilera sustatzea”.

Intxostiapunta gazte gunean eskainiko den zerbitzua doakoa eta konfidentziala izanen da. sexologian aditua den Bel Pozuetak dinamizatuko du. Banaka nahiz kuadrillan joan daiteke. Ez da beharrezkoa aldez aurretik hitzordua eskatzea, nahikoa da egun horretan bertan agertzea. Hala ere, aldez aurretik hots egin daiteke. Sexualitatean barna eginen den ibilbide hori hilaren 31n hasiko da, eta honako gaia izanen du hizpide: Ezagutu zure gorputza, aukera bat da eta.

Neska, mutila, arra, emea, feminitatea, maskulinitatea, generoa, sexua, sexualitatea, identitatea, lesbianismoa, transgeneroa, aurreiritziak, erotofilia, homosexualitatea, gay, transfobia, plazerra, maitasuna… eta gehiago. Torresek azaldu digunez, “pertsona adina era daude maitatzeko, sentitzeko eta desiratzeko. Zorionez, gure gizartea errealitate horiek ere badaudela deskubrituz eta onartuz doa”.  Hori horrela, teknikariak gaineratu du: “nerabeak eta gazteak elkar bizi, sentitu, adierazi eta erlazionatzeko hainbat modu esperimentatzen ari dira… eta, horretarako, bide ugari erabiltzen dituzte, konektatzeko eta komunikatzeko egun ditugun baliabide berriei esker”.

Ibilbidea
Altsasuko Udalak, Gazteria Sailaren bidez, nerabe eta gazteei zuzendutako sexu-heziketaren alde egin du etengabe. “15 urte hauetan, gure jardueren bidez, gazteen sexu-osasuna hobetzen lagundu dugula uste dugu. Hala ere, egindako guztia ez da nahikoa eta argi daukagu oraindik ere  zerbitzuak eman behar ditugula alor horretan, orientazioa eta heziketa ezinbestekoak baitira sexu-osasuna hobetuko bada”.

Harremanetarako
Telefonoa: 948 564 785 eta 608 617 778
Instagram: Sexgune.