Aurrekontuak behin betiko onartu dira

Guaixe 2017ko mar. 23a, 18:39

Geroa Bairen eta PSNren aldeko botoekin, Goazen Altsasuren abstentzioarekin eta EH Bilduren kontrako botoarekin (UPN ez zen bilkuran izan) Altsasuko Udalak aurtengo aurrekontuak astelehenean onartu zituen. Javier Ollo Martinez alkateak nabarmendu duenez, onarpenak aurrekontuetan jasota dauden lanak egiteko aukera emanen du. “Aurrekontuek udalbatzaren zati garrantzitsu baten babesa izan dute. Onarpena erraztu duten taldeei eskertzekoa da”.

EH Bilduk plantilla organikoan lanen lantaldeko hizkuntza profilen aldaketarekin ados ez zegoelako eman zion ezezkoa aurrekontuari. Ollok gogorarazi du EH Bilduk aurrekontuei aurkeztutako zuzenketak atzera bota zirela, Geroa Baik eta PSNk onartutakoen diru-sail beretatik atera nahi zelako dirua. Alkateak azaldu duenez, “aurrekontuak behin betiko onartu ondoren, Geroa Baitik zuzenketa horiek aurrekontu-aldaketak eginez onartzeko prest azaldu zen”. Koalizioaren zuzenketen artean udal langileek euskara ikasteko edota ikastetxeetan klasetik kanpo ikasleendako euskarazko jarduerak egiteko diru-sailak zeuden.

Alkateak azaldu duenez, aurrekontuaren hasierako onarpenaren ondoren EH Bilduk helduek euskara ikasteko diru-saila sartzeko idatzia aurkeztu zuen. “Kontu-hartzailearen  txostenak dio ezin dela alegaziotzat hartu eta eskaera bideratzeko aurrekontu zuzenketa egin beharko litzatekeela”. Ollok azaldu zuenez, “dirua haur eskolako ekipamenduko sailetik ateratzea proposatzen zuten”. Alkateak nabarmendu du, lehenik, udalak Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuari ia 150.000 euroko ekarpena egiten diola. Idatzian egindako eskaeraren eskuduntza zerbitzu horrena dela azpimarratu du Ollok. EH Bilduk aurkeztutako azken idatzi horren kontrako botoa Geroa Baik, Goazen Altsasuk eta PSNk eman zuten.