Haize Berriak banda eta Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako 28 ikaslek Udaberriko jaialdia eskainiko dute elkarrekin. “Bost urte edo gehiago badira musika eskolako ikasleekin halako emanaldirik egiten ez genuela. Aurreko zuzendariekin gehiago egiten genituen”, azaldu digu bandako kide Josu Rubiok. Bandaren eta musika eskolen arteko lotura sendotu nahi dute, “haien ikasleekin banda elikatuko dutelako”.
Emanaldiari dagokionez , Rubiok aurreratu digu musika eskolako hirugarren mailan edo goragokoetan ari diren ikasleak joko dutela Haize Berriak bandarekin; saxofoikoak 4, klarinetekoak 6, bateriakoak 5, zeharkako txirulako 7, tronboiko 3 eta bonbardinoko 3. “Jaialdiaren hasieran ikasleak bandako euren kordakoekin ariko dira, ensemble modura joz”. Hala, haize metalak, saxofoiak, klarineteak… agertokitik pasatzen joanen dira, eskolako eta bandako kideen talde txikiak. Elkarrekin hainbat estilotako bina pieza joko dituzte, rocka, filmetako soinu bandak eta beste. Emanaldia musikari guztiak eszenan daudela despedituko da; Erdi Aroko suite eta Karibeko piratak piezak joko dituzte.
Banda gaztea buruan
Sakanako musika banda ibarreko musika eskolekin harremanetan dago, banda gaztea sortu nahi baitu. Rubiok esan digunez, “musikariak badaude, baina desoreka dago”. Bandako kideak azaldu duenez, “modaren arabera, musika eskoletan instrumentu batzuetan ikasle asko daude eta beste batzuetan gutxi. Adibidez, orain akordeoia izan daiteke eta gero txirula. Baina txirulekin bakarrik ezin dugu banda osatu”, gaztigatu du. Konponbidea “erabaki politikoa” dela esan du Rubiok, “musika eskoletan instrumentu ikasleen kopurua orekatu behar da”.
Bitartean, Haize Berriak bandako kideek euren aldetik, matrikulazio garaian ikastetxeetan erakustaldiak egiteko asmoa dute. Musika tresnak ezagutarazi eta nahi luketen oreka horren alde euren ahalegina egiteko.