Nafarroako Auzitegiak ostiralean emandako epaiaren ondoren, ferietako gertaerengatik auzipetutakoen gurasoek prentsaurrekoa egin dute gaur. Auzitegiak “egitateen balorazio juridikoa egin eta eta ondorioztatu zuen ezin dela terrorismo delitutzat hartu, ezta zantzuz ere”. Hala ere, gurasoek uste dute “oraindik ahalegin handia egin behar dugula auzi honetan zeresana duten entitateen, eragileen eta gizartearen baitan zuhurtzia, zentzumena eta neurria sendotzeko”. Jakinik auzia Nafarroara ekartzeko azken hitza Espainiako Auzitegi Gorenak duela “dei egiten dugu orain arte egin dugun kontzientziatze, sentsibilizazio eta Justiziaren aldarrikapenaren bidean jarraitzeko.
Auto honek gure auzira esperantza itzultzeko aukera ireki digu, baita giltzapean dauden gure semeen askatasuna eskatzeko abagunea ere”.
Ferietako liskarragatik auzipetutakoen gurasoek, berriro ere, euren nahiak zerrendatu dituzte: “Nafarroako Auzitegian egin dadila instrukzioa, egitateak aztertu eta argi daitezela, ustezko errugabetasuna, defentsa eskubidea eta bidezko epaiketa errespeta daitezela, espetxetik lehenbailehen atera daitezela, zenbait hedabidek ez ditzatela gehiago zikindu, haien irudiak, bizitza pribatuko kontuak eta datu pertsonalak erakutsiz lotsarik gabe eta zitalki”.
Zigor Kodea
Ostiraleko epaiaren ondoren, 573. artikuluan deskribatzen den definizioaren arabera “interpretazio zabalgarria” egin dela iradokitzen die gurasoei. Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren txostenetan oinarritzen den epaia “hainbat erakundek eta adituk nabarmendu dituzten argudioak” direla azpimarratu dute gurasoek. Besteak beste, Auzitegi Goreneko magistratu emeritu Martin Pallinek esandakoa gogorarazi dute: “auziperatzea neurriz gainekoa da eta errealitate sozialetik kanpo dago” baita “gehiegizko jardunbide judizial bat osatu da, terrorismo delituaren larritasuna ez dakarten eraso batzuk izaki”.Guardia Civilaren txostenek eta Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak gertaera terrorismo ez zirela ere gogorarazi dute.
Gurasoek adierazi duenez, “gure seme-alabak akusatzea ahalbidetzen duen Zigor Kodearen artikuluak, zalantza eragiten duen definizio bat dauka”. Nazio Batuetako Giza Eskubideen kontalariek esandakoa ere azpimarratu dute: “idatzia dagoen gisan, lege antiterroristak terrorismoa ez diren jokabideak kriminalizatzea daukala eta adierazpen askatasunaren jarduna neurrigabeki murritz lezakeela”.
Saiatzen segitu
Gurasoek, atzera ere, “kontu hau zuhurtziaz, zentzumenez eta arrazoiz landu dadila alderdikeriarik gabe” bideratzeko nahia azaldu dute. “Nafarroan nahiz Madrilen saiatu gara sentsibilitate guztietako partaideekin hitz egiten. Saiatu gara suhartasunik gabe eta taxuz informazioa luzatzen. Giza eskubideen errespetua oinarri, ezberdinen arteko batasuna eta sostengua bilatu dugu. Gure herriko gizartearen batasuna hartu dugu eredu, bertan sentsibilitate guztietako lagunek beren sostengua agertu digute eta gertatutakoa terrorismotzat hartu izana salatu dute”. Esan dutenez “pozarren” hartu dute 88 diputatuk eta senatarik emandako babesa. “Falta diren sentsibilitateetako kideek dokumentu honen edukiarekin bat egin dezaten, agerian zein pribatuki, lanean jarraituko dugu”.
Euren esker ona azaldu diete “Altsasuko bizilagun, elkarte, erakunde eta mota guztietako eragileek batasuna eta indarra egiten jakin dutelako eta sekula ahaztuko ez dugun berotasun ederra erakutsi digutelako”. Altsasuko Udalari, Nafarroako Parlamentuari, elkartasuna adierazi duten 70 baino gehiagoko udalei, manifestu bana argitaratu dituzten 200 baino gehiagoko justizia arloko pertsonei eta kultura, kirol eta unibertsitateetako pertsonei eskerrak eman dizkiete. Baita www.altsasugurasoak.com web gunean dagoen manifestua sinatu duten 12.000 pertsonei ere.