Milaka emakumezko Europara bakarrik etorri dira, sorterrian seme-alabak utzita. Distantzia handira bizi dira amak eta txikiak. Amatasun transnazionala bizi dute. Hemen egindako lanarekin haien familien ongizatearen arduradun bakar eta nagusi bihurtzen dira emakumezko horiek. Eta haien eta atzean duten zaintza-katearen errealitatea En tránsito dokumentalean jaso du Oskar Tejedor zuzendari gipuzkoarrak.
Nikaraguan, Hondurasen eta Gipuzkoan filmatuta, Europan bakarrik dauden milaka amen egoera islatzen du. Horrekin batera, jatorrizko herrialdeetan geratzen diren seme-alabei eta haiek zaintzen dituztenei ematen die hitza. Zaintzaile horiek, normalean, beste emakume batzuk dira (amona zaharrak, izebak, ahizpak, etab.), eta hauek izaten dira zaintza horiek kudeatzen dituztenak.
Tejedorri dokumentala egitea Bidez Bide Elkarteak proposatu zion. Erakunde hori, feminismotik, Euskal Autonomia Erkidegoan migrazio-esperientzia transnazionalak bizi dituzten pertsonei eta familiei laguntzen die. Esaterako, migratzaileen ikasketen homologazioan, migrazio prozesuetan inplikaturiko pertsonei laguntzen, eta, hainbat gai, problematika zein errealitate "ikusgarri" egiteko material audiobisuala sortzen dute. En tránsito dokumentala Altsasuko mugimendu feministak ekarri du herrira.