Altsasuko Udalak Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza aldatzea erabaki zuen herenegun. Udalak onartutako aldaketarekin herri-lurretan erlategiak nola jarri arautu du. Aldi berean, herri-lurretan erlategien aprobetxamendua arautzeko zerga-ordenantza onartu du ere. Bestetik, Altsasuko Udalak herri-lurretan libre zeuden partzelak nori eman adostu zuen atzo. Erreklamazioak aurkezteko 30 egun izanen dira.
Joan den urtean hasitako berrikuntza lanek jarraituko dute Zelandi eskola publikoan, bere komunetan hain zuzen. Beheko solairukoak berritu ondoren, aurten goiko solairukoen txanda izanen da. Udalak 50.660 euroko inbertsioa eginen du, baina erdia Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntza batekin pagatuko du. 1977ko eraikina da eskola eta komunak ez direla sekula berritu argitu du Javier Ollo Martinez alkateak. Azkenik, Picassoren Guernica koadroa Gernikara eramateko mozioa onartu zuen udalak Geroa Bairen, EH Bilduren eta Goazen Altsasuren aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PSNren kontrako botoarekin.