Etorkizuna dantza taldeko 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoak dira Uztartuz: dantzan hazi, kantuz bizi, euskaraz hezi dantza ikuskizuneko protagonistak. 19 dantzari guztira. Iñaki Agirre irakasleak esan digunez, ikuskizunak hiru atal ditu eta bakoitza gai bati eskainita dago: euskara, dantza eta kantua. “Atal bakoitzean gaiarekin lotutako koreografiak landuko dira”, azaldu digu Agirrek. Dantza koreografiak “euskal dantzen urratsetan oinarrituta daude, baina dantza garaikideko urratsak ere azalduko dira”. Jantziei dagokienez, gaztetxoak aurreneko bi ataletan “nahikoa era tradizionalean jantziko dira. Hirugarrenean ukitu modernoagoa izanen dute”.
Dantzarako “denetariko musikak” izanen dituzte, kantu tradizionalak eta doinu ezagunen fusioan oinarritutako aire berriak ere. Beraz, dantza ikuskizunerako propio sortutako doinuak izanen dira. Langintza horretan Jagoba Astiazaranen laguntza izan dute. Pianoan ariko da bera, baina Eguzki Dorronsorok bezala, berak ere kantatu eginen du. Gainera, “azken atalean egungo taldeen musikak” entzunen direla aurreratu digu irakasleak. Agirre izan da emanaldiaren arte-zuzendaria eta koreografoa. Gidoi originala, berriz, Elixabete Nosellasena izan da.