Igandean kadete mailako lasterketa jokatu zen Tafallan. Intersport Irabiako Igor Arrietak irabazi zuen lasterketa, helmugara bakarrik iritsi eta gero (1:16:56). Uhartearra kadeteen lehen urteko sailkapeneko lehena izan zen eta, horretaz gain, mendi sailkapena irabazi zuen. Eta bere taldea, Aralar klubeko Intersport Irabia, taldekako txapelduna izan zen.
6 segundora taldetxo bat sartu zen. Arrietaren taldekide Aitor Alberdi 3.a eta Quesos Albenizko Unai Aznar 7.a izan ziren. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Inhar Astiz (I.I.) 11.a sailkatu zen, Unai Villalobos (Q.A.) 12.a, Iker Mintegi (Q.A.) 18.a, Urko Gorriti (I.I) 19.a eta Asier Irujo (I.I.) 35.a.
Juniorrak Antzuolan eta Amorebietan
Juniorrek larunbatean lasterketa izan zuten Antzuolan. Ulma taldeko Julen Oterok irabazi zuen. Quesos Albenizko (Q.A) Iñigo Fernandez 18.a sailkatu zen, Intersport Irabiako (I.I) Xabier Mauleon 34.a, Juan Riaño 35.a (Q.A.) eta Javier Mitxaus 52.a (I.I.). Eta igandean, Amorebietan, Micinay Cadenas taldeko Jon Polledok irabazi zuen. Quesos Albeniz taldekoei dagokienez, Mateo Gonzalez 23.a sailkatu zen, Juan Riaño 36.a, Hodei Zia 47.a eta Daniel Izquierdo 48.a.