Sociedad Deportiva Alsasua (SDA) taldeak Altsasuko festetan antolatzen duen afizionatuen mailako lasterketan ibilbidea aldatu zuen, proba Altsasutik maizago pasatzeko. Aldaketa oso begi onez ikusi zuten Altsasuko zaleek. “Horregatik Erramu Egunean antolatzen dugun junior mailako lasterketarekin berdina egitea erabaki dugu. Horrela, Lizarragako kateraino joan beharrean, Altamira hirutan igoko dugu eta, guztira, zazpi aldiz pasako gara Altsasutik. Lasterketa herrian gehiago txertatu nahi izan dugu, herrian lasterketa dagoela behin eta berriz sentitzeko. Horretaz gain, proba, lehenengoz, San Pedrotik eta Dantzalekutik pasako da” azaldu digu SDA-ko txirrindularitza taldeko arduradun Felix Mazkiaranek.
LVIII. Erramu Trofeoan parte hartuko duten juniorrak goizeko 11:00etan aterako dira SDA-ko egoitzatik. Urdiainera iritsita, igerilekuetako bidea hartuko dute eta San Pedrotik Altsasura iritsiko dira. Bitan egingo dute bide hori. Ondoren, Olaztira joko dute, handik Altamira igotzeko. Urdiaineraino iritsiko dira, atzera ere San Pedroko bidea hartzeko. Bitan egingo dute buelta hau. Ondoren, Zegamako bidea hartuko dute, eta bidegurutzean buelta hartu, atzera ere Altsasutik pasatzeko. Eta, bukatzeko, Altamirara azkeneko igoera egingo dute, Urdiainen San Pedroko bidea hartu eta bertatik Altsasura joateko, Sociedad Deportivako egoitzan egongo den helmugara. Guztira 77,3 km osatuko dituzte juniorrek.
Junior mailako tropeleko txirrindulari onenak bilduko direla aurreikusten da. Tartean egonen dira Quesos Albeniz eta Intersport Irabia talde sakandarreko juniorrak, Josu Etxeberria eta Ailetz Lasa tartean, inguruko talde onenekin batera. Mazkiaranek gaineratu dutenez, Huesca La Magia eta Fundación Contador taldeak ere egongo dira.
Lasterketa burutzeko bi ordu pasa beharko direla aurreikusten dute antolatzaileek. Behin proba bukatuta, sari ematea izango da Sociedad Deportivako egoitzan. Lasterketa antolatzeko Altsasuko Udalaren eta Cajanavarra Fundazioaren eta hainbat babesleren laguntza izan du SDAk.