Duela bi urte Altsasun izan zen Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta bueltatuko zirela hitzeman zuten. Oraingoan emanaldi soila eginen du. Sinfonikoa Nafarroan zikloarekin bueltatuko dira. Publiko guztiendako errepertorio klasiko zabaleko kontzertu zikloa da hori. Musika denena eta denendako dela sinistuta, orkestrak herrialdean barnako emanaldiak eskaintzen ditu, musika klasikoa gizarteratzeko eta zabaltzeko nahiarekin. Jesus Etxeberriaren zuzendaritzapean ariko da Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Etxeberriak joko diren piezen inguruko azalpen laburra emanen du haiek interpretatu aurretik.
Egitaraua | |
Egilea | Obra |
Edward Grieg | Peer Gynt: 1. suitea, Op. 46 |
Peter Ilich Tchaikovsky | Antzaren lakua. Aukeraketa |
Johannes Brahms | Hungariar dantzak, 1, 2 eta 10 zenbakidunak |
Franz Liszt | Hungariar rapsodia 2. zenbakiduna, Re minorren |
Zuzendariaz
2015-16 denboraldiaz geroztik, Jesus Etxeberria Nafarroako Orkestrako zuzendari albokoa da. Donostiako Ganbera Orkestra 23 urterekin sortu zuen. Urte berean, Gipuzkoako Diputazioaren beka eskuratu eta orkestra zuzendaritza ikasi zuen Vienako kontserbatorioan. Ikasketak Londongo musikako errege akademian osatu zuen. 1988an Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin elkarlana hasi zuen. 1989an Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin mustuko zen, gerora hainbatetan zuzendu duena. Londonen zela The European Sinfonia orkestra sortu zuen eta harekin Espainian hainbat bira egin zituen. 1995ean, Errusiako Nazio Orkestrarekin Euskal Herrian bira egin zuen.
Etxeberriak hainbat orkestra zuzendu ditu, haien artean Letoniako Nazionala, Japonian eta Polonian bira egin zuen. Musikeneko Orkestra Sinfonikoarekin makina bat proiektu egin ditu. Gainera, ikastetxe horretan analisi irakaslea eta orkestra ikasketen koordinatzailea da. Etxeberria konposatzailea ere bada, besteak beste, Agustin Gonzalez Azilu altsasuarrarekin ikasitakoa. Konposatzaile gisa ere sariak eskuratu ditu eta bere hainbat obra mustu dira, esaterako Donostiako Musika Hamabostaldian.