Liburutegiak Liburu Astea prestatu du

Guaixe 2017ko api. 23a, 12:47

Liburuaren Eguna apirilaren 23an da, baina Altsasuko liburuzainek, liburuari eguna baino astea eskaintzea erabaki dute. Hala 24tik 28ra hainbat ekitaldi antolatu dituzte Iortia kultur gunean. Hijos de la tierra dokumentalaren emanaldiak zabalduko du egitaraua hilaren 24an, 19:00etan. Patxi Uriz Domezain zuzendariarekin ondoren solasaldia izanen da. Lan horrek 2016an film labur onenaren Goya saria jaso zuen eta lan taldean Javier San Felipe Larreak parte hartu zuen.

Asteartean, 18:00etan, txikiek Gloria Fuertesi buruzko poesia tailerrarekin gozatzeko aukera izanen dute. Lehen Hezkuntzan dauden haurrei zuzendutako saioa Manolita Thundersek gidatuko du. Parte hartzeko, aurretik liburutegian izena eman behar da. Hilaren 26an, asteazkenean Jon Arretxek Toure igarle-detektibearen ibileren bosgarren alea aurkeztuko du, Piel de topo. Apirilaren 28an, ostiralean, berriz, Mainamikirri liburua aurkeztuko dute Castillo Suarezezek, Joxemari Morcillo “Morkotsek” eta Enara Intsaustik. Aurkezpenaren ondoren, haurrendako tailerra izanen da.

Liburutegitik gogorarazi dute martxoaren 20tik maiatzaren 31ra Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainan dela, euskaraz irakurtzera animatzea helburu duena.

Erlazionatuak

Irakurketaz GozatzekO

Guaixe 2017 mar 20 Kultura