Haritz Goikoetxearen mikro-ipuinarendako aipamena

Guaixe 2017ko api. 24a, 19:38

Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolatutako X. Mikro-ipuin lehiaketak baditu sarituak. Aingeru Epalzak, Inma Erreak, Toño Murok, Joxemari Sestorainek eta Itziar Diez de Ulzurrunek osatutako epaimahaiak lehiaketako sei mailatara aurkeztutako lanak aztertu ondoren eman dute epaia, zehazki, 75 ikastetxeetako 1.559 ipuin jaso dituzte. Antolatzaileek izandako parte-hartze handia eta anitza nabarmendu dituzte.

Horietatik guztira 23 idazlan saritu dituzte. D ereduko DBHko ikasleen artean Haritz Goikoetxea Floresen Elurra mikro-ipuina nabarmendu da. Iñigo Aritza ikastolako DBH4ko ikasleak ohorezko aipamena eskuratu du. Saria maiatzaren 10ean jasoko du, Larraintzarko institutuan eginen den ekitaldian. Oier Sanjurjo Osasuna futbol taldeko jokalaria arduratuko da sariak banatzeaz. Hark diplomarekin batera, Pamiela argitaletxearen liburu sorta emanen die sarituei. Gainera, aipatutako 23 lanak liburuxka batean argitaratuko du Pamielak, garagarrilean Iruñeko Liburu Azokan aurkeztuko dena.

Elurra
Basoan zebilen Joxepo gaztea, bere txakur Txurirekin. Euria egin zuen azken egunetan, eta halako egunetan joaten zen Joxepo basora. Haizearen ferekak hostoetako euri tantak laztantzen zituen. Euri tanta bakoitza emeki labaintzen zen arropa geroz eta hezeagoaren gainetik. Lurrak, lokatz bihurturik, oinetakoekin bat egiten zuen.

Halako batean, txori baten kantua, eta Txuriren erantzuna zaunka moduan. Giroa lasaitu egin zen. Soinu eragile guztiak desagertu egin ziren momentu hartan. Isiltasunaren soinua: Elurretan ari zen.

Haritz Goikoetxea Flores