Hizketan

Kulturaz aske asteburua aurkeztu dute

Guaixe 2017ko api. 27a, 09:28

Domeka bitartean hamaika ekimen antolatu dituzte, “kulturaren bitartez gure lagunen askatasuna eta guztiz libre egon behar dutela aldarrikatzeko”.

Altsasuko kultur eragileek astebururako egitarau zabala prestatu dute, ferietako liskarragatik preso dauden hiru gazteen askatasuna aldarrikatzeko eta gainontzeko auzipetuei elkartasuna azaltzeko. “Kulturaz eta aldarrikapenaz blaitu nahi duen altsasuar, sakandar eta guztiei” luzatu diete parte hartzeko gonbidapena.

Asteburukoa izendatzeko Kulturaz aske leloa aukeratu dute, antolatzaileen izenean “ederki laburbiltzen duelako zer aldarrikatu nahi dugun: kultura, hartaz blaituko garelako asteburu guztian”.  Izan ere, prestatutako egitarauan dantza, kanta, pintura, musika eta beste izanen dira. “Gure herriaren kultur aberastasuna erakutsiko dugu. Harro egoteko modukoa da Altsasuko kultur eragileen bizitasuna, honek egiten baikaitu herri”.

Leloko aske hitzari dagokionez, antolatzaileek esan dutenez, “aske bizi nahi dugu gure herrian. Altsasuarren arteko elkarbizitza aske bat nahi dugu”. Gaineratu dutenez, “gure herrian aske bizi nahi dugun bezala, aske nahi ditugu gure lagunak, lehenik kartzelan dauden Oihan, Jokin eta Adur. Altsasun nahi eta behar ditugu, ya! Ez gure herritik 500 km-tara, ez 40 minutuko bisitak jasotzen…” Hiru presoak aske nahi dituzten moduan, aske nahi dituzte gainontzeko auzipetuak ere, “ez dugulako polizia, hedabide eta epaitegi muntaia hau onartzen”.

Hiru nabarmen
Astebururako egitarau zabala prestatu badute ere, antolatzaileek hiru ekimen nabarmendu nahi izan dituzte. Lehenik, ostiral gauean Burunda frontoian izanen den ikuskizun erraldoia, zeinetan herriko hainbat musika, kantu eta dantzari taldek parte hartuko duten. Sarrerak dagoeneko Iortia kultur gunean eros daitezke 5 eurotan. Bigarrenik, larunbatean, 18:30ean Iortia kultur gunean izanen den mahai-ingurua. Hartan bost altsasuarrek haien bizi-esperientzia elkarbanatuko dute, “herri bezala izan ditugun erronkei nola aurre egin diogun protagonisten ahotsetik entzuteko”. Azkenik, igande goizean Foru plazan haurrendako izanen diren tailerrak eta bestelako ekintzak nabarmendu dituzte.

Egitaraua
Apirilak 28, ostirala
19:00etan Altsasukoak aske, kontzentrazioa udaletxe parean.
19:30ean Pintxo potea eta kantu poteoa Zubi Ondorekin.
22:30ean Haize Berriak banda, Erkudengo Ama abesbatza, Tarima Beltza, Etorkizuna dantza taldea, Dantzarima, Enrike Zelaia eta Trasteando.

Apirilak 29, larunbata
10:00etan Dantzari txiki eguna. Fanfarrea eta trikitilariak.
11:30ean Txistulariak.
17:00etan Dantzariak eta fanfarre txikiarekin erromeria, plazan.
18:00etan Bargagainen begiradapean mahai-ingurua Iortia kultur gunean. Parte-hartzaileak: Satur Leoz (Radio Euskadi), Esther Arregi eta Eider Leoz (mugimendu feminista), Luis Diaz (Mexikotik etorritako altsasuarra). Iosu Imaz (Altsasu Memoria) eta Mari Romero (idazlea).
20:00etan Kontzertuak: Garabatos eta Kaskatako, gaztetxean.

Apirilak 30, domeka
11:30ean Dianak, gaitariak.
12:00etan Haurrendako tailerrak: zirkoa (Alain Flores) eta haur arte-esperientzia (Itziar Nazabal); puzgarriak eta jolasak.
12:00etatik 13:00etara Zapore anitzak, Helena Santano eta Txen dj (soinu kolorea), plaza inguruan.
Dj-k Arkangoa kalean.
19:00etan Akabera ekitaldia: Alberto Barandiaran, dantzariak, Flores Ahizpak, Javier Corres eta Izaskun Etxeberria.