LAB sindikatuak azaldu duenez, Sunsundeguik gaur egun 330 langile ditu, baina behin-behinekotasun tasa %42koa da. LABekoek azaldu dutenez, “70 langileri aurten kontratua bukatuko zaie. Guztiek bi urte baino gehiago daramate enpresako lan estrukturala egiten”. Gaineratu dutenez, 50 kaleratuko ditu, beste batzuengatik ordezkatzeko. “Zein langile geratuko diren ala ez erabakitzeko garaian irizpide diskriminatzaileak erabili ditu, irizpide ideologikoak” erabili dituztela salatu du LABek.
Sindikatuaren iritziz, enpresak “kontratazioa, langileak banatzeko tresna gisa eta prekarietatea hedatzeko tresna gisa erabiltzen ari dira. Kaltetutako langileak obra edo zerbitzu determinatuko kontratu ezberdinak gehitzen dituzte enpresak duen ohiko eta egiturazko lan karga aurrera ateratzeko”. LAB-ekoen iritziz, “gaur egun, lan karga nahikoa dago enpresan kontratu mugagabe gehiago egiteko”. Ordu estra asko sartzen direla (lan ikuskaritzak askotan enpresa zigortu du) edo enpresak urtero lan ordu kopurua handitzeko saiakeran adibide gisa jarri ditu.
Enpresaren politika “bere proiektu industrialaren aurkakoa” dela uste dute LABen. “Enpresaren datuen arabera lan karga mantendu egiten da eta ondorioz pertsona hauek kaleratu ostean beste batzuk kontratatzera behartuak egonen dira. Beraz, pertsona berri hauek, berriro ere formatu beharko dira”. Jokabide horren ondorioak, LABen ustez honakoak lirateke: lan poltsa prekario bat sortzea eta produkzioan gain kostu bat sortuz, proiektuari kalte eginez. Prekarietateari aurre egiteko eta kontratazioan jasotzen den iruzurrari aurre egiteko asmoa dutela gaztigatu dute sindikatutik. Horregatik, “kontratuak bukatzen dituzten pertsona guztiei, beren auzia epaitegira eramateko proposamena egiten diegu, kaleratzeak iruzurra direlako”.