Txirula mordoa, saxofoiak, tronboiak, akordeoiak, txeloa, gitarrak, baxuak eta bateria. Horiek dira Altsasu eta Alaitz (Barañain) institutuetako ikasleek Kontzertu Erraldoian joko dituzten tresnak. Ikasturte osoa daramate emanaldia musika klasean prestatzen. Gainera, musika tresnaren bat jotzen duten ikasleek emanaldirako propio trebatu dira azken hilabetean. Haiekin aritu da Iñigo Aldunate Burguete irakaslea.
Aurtengo Kontzetu Erraldoian Altsasu, Biurdana eta Alaitz institutuetako DBHko 1, 3 eta 4 mailetako ikasleek parte hartzen dute. Baita azken ikastetxeko musika eta arte eszenikoetako batxilergoko ikasleak ere. Guztira 600 ikasletik gora. Hiru ikastetxeen artean hiru emanaldi prestatu dituzte eta bakoitzean bi institututakoak aritzen dira. Biurdana institutua Irurtzungo Atakondoa eskolako DBHko erreferentziazko ikastetxea denez, aurten kontzertua Iruñetik atera eta Irurtzunen egin zen, apirilaren 25ean.
Emanaldi egunean ikasleek egun osoa elkarrekin ematen dute. Goizean bi orduko entsegua egiten dute. Ondoren eta emanaldia iritsi bitartean haien arteko harremanak sendotzeko aukera izaten dute. Baita emanaldiaren aurreko urduritasunak uxatzeko ere.