31. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan 14 eta 18 urte arteko 14 bertsolari ariko dira. Haien artean daude Ekain Alegre eta Idoia Granizo altsasuarrak. Txapelketak bi fase ditu. Aurrenekoan bertsolari guztiek honako lana egin beharko dute: gai orokorrarekin bertso bat osatu, lau oinak emanda bertso bat osatu eta hitza emanda bertso bat osatu.
Puntu gehien biltzen dituzten lau bertsolariak bigarren fasera pasako dira eta orduan honako lana egin beharko dute: binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian eta binaka, gaia emanda, hiruna bertso koplatan. Lehen bi postuak eskuratzen dituztenek Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzea lortuko dute. Euskal Herriko finala eta festa garagarrilaren 10an izanen da, Saran (Lapurdi).
Lehiaketa, eta gehiago
Lehia formatuko ekimen horrekin batera, Eskolartekoa ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko eta ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko parada ematen duten egitasmoak dira, finean, Eskolartekoa osatzen dutenak.
Gaur egun 18 urtetik beherakoen 33 bertso-eskola eta 302 ikasle daude Nafarroan, 9 irakaslek gidatuta. Bertso eskolatako bi Altsasun daude. Batean 16 eta 17 urte bitarteko lau ikasle aritzen dira eta, bestean, 11 eta 12 urte arteko beste 11 ikasle. Eskolartekoaren antolatzaileak Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea dira.